SARS-CoV-2aren infekzio kronikoak aldaera arriskutsuak sortzea errazten du
2022/06/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikertzaileek ulertu nahi dute nola eboluzionatzen duen birusak pertsona batetik bestera errazago transmititzeko, immunitate-erantzuna saihesteko edo larriagoa edo arinagoa bilakatzeko. Ezaugarri horietako batzuk edo guztiak infekzio kroniko batean sor daitezkeela uste dute, Nature-n argitaratutako artikulu baten arabera.
Zenbait pertsonatan, SARS-CoV-2aren infekzioa asko lutzatzen da, baita hilabetetan ere. Halako kasu bati egindako jarraipenean, ikertzaileek frotatu zuten birusa aldatzen zihoala, eta sortzen ziren mutazioetako asko bat datozela gehien hedatu diren aldaerek dituztenekin. Kasu jakin hartan, omicron aldaerak dituenekin.
COVID-19a azaldu zenetik eta pertsonatik pertsonara transmititzean izan duen bilakera aztertuta, ondorioztatu dute bi ezaugarri nagusik gidatu dutela eboluzioa: infektatzeko gaitasuna, eta immunitate-sistemari ihes egitekoa.
Infekzio akutuek 1-2 aste irauten dute, eta, beraz, ez dago denborarik ezaugarri jakin bat duen aldaera besteari gain hartzeko. Infekzio kronikoetan, berriz, mutazio desberdinak dituzten bertsioek elkarren aurka lehiatzeko denbora dute.
Horrenbestez, infekzio kronikoetan gertatzen diren mutazioak ikertzea lagungarria izan daiteke zer aldaera arriskutsu sortuko diren aurreikusteko, baina aitortu dute oraindik alderdi asko dituztela argitzeko eta ulertzeko. Adibidez, ez dira ondo ezagutzen infekzio kronikoa izateko arrazoiak. Bat, garbia, immunoeskasia izatea da; baina immunitate-sistema osasuntsua duten pertsonetan ere gertatzen da batzuetan. Eta kasu larriak prebenitzeko hartzen diren antibiralek (Paxlovid, esaterako), behar baino denbora luzeagoan hartzen badira, erresistentziak sortzea eragin dezaketela ohartarazi dute.
Nolanahi ere, infekzio kronikoa duten pertsonei arreta jartzea eskatu dute, baita sintoma arinak badituzte ere; lehenik eta behin, haien osasunarengatik, eta, gainera, populazio osoarengatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia