SARS-CoV-2 birusa detektatzeko CRISPR-en oinarritutako diagnostiko azkarreko tresna baten berri eman dute Nature Biotechnology aldizkarian. Diagnostiko-tresna horrek 45 minutu inguruan ematen du emaitza, RT-PCR proben antzeko zehaztasunarekin.
Infektatutako pertsonen arnas aparatutik ateratako laginetan SARS-CoV-2 birusaren RNA identifikatzen du. Horretarako, birusaren RNA hori DNA bihurtu ondoren, birusaren bilgarriko E proteinaren eta nukleokapsideko N proteinaren gene-sekuentziak identifikatzen ditu CRISPR-Cas12k; eta, hori egitean, molekula erreportari bat askatzen du.
COVID-19 duten 36 pazienteren eta bestelako arnas gaixotasunak dituzten 42ren laginekin probatu dute sistema. Kasu positiboetan % 95eko zehaztasuna lortu zuten, eta negatiboetan %100ekoa.
RT-PCR probak berotze- eta hozte-zikloak behar dituenez, orduak behar ditu. Orain aurkeztu duten proba hau (DTECTR deitu diote), berriz, bi tenperatura finkotan egiten da, 45 minutuan.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.