}

Sarearen neutraltasunari erasoak

2010/04/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sarearen neutraltasunari erasoak
2010/04/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: © Kheng Ho Toh/123RF)

Joan den otsailean Telefónica-ko presidente César Aliertak Bilbon izandako jardunaldi batzuetan esandakoak hautsak harrotu ditu sarean: Googleri eta beste bilatzaileei eta Interneteko zerbitzu-hornitzaile handiei haien sareak erabiltzeagatik kobratzen hasteko asmoa dutela adierazi du, telekomunikazio-operadorearen azpiegiturari esker kosturik gabe negozioa egiten ari direla argudiatuta. Askok pentsatuko dute asmo hori ez dela hain arraroa ere, oso ohikoa dela asko dutenengandik sos batzuk ateratzen saiatzea. Googlek, adibidez, horrelako asko jasan behar izaten ditu: egunkariek Google News zerbitzuaren irabaziak haiekin partekatzeko eskatu izan diote askotan, haien edukien kontura aberasten ari omen delako. Bat baino gehiago ados egongo da eskaerarekin, eta justua iritziko dio gehien duenak banatzeari. Baina asko dago jokoan Telefónicak bere nahia egin edo ez horretan: sarearen neutraltasuna arriskuan legoke, eta, horrekin batera, Internetek gaur egun ezagutzen duguna izaten jarraitzea.

Zer da sarearen neutraltasuna?

Sarearen neutraltasunaren kontzeptua hobeto ulertzeko, beharrezkoa da Interneten funtzionamenduaren oinarrizko gauza batzuk ezagutzea. Elkarri konektatutako milioika sarek (pribatu nahiz publiko, akademiko nahiz enpresarial, handiago nahiz txikiago) osatzen duten sare erraldoi deszentralizatua da Internet. Maila fisikoan azpiko sare horiek teknologia oso ezberdinak erabiltzen badituzte ere, maila logikoan guztiek TCP/IP protokolo-familia erabiltzen dute, eta, horrela, sare bakar bat bezala funtzionatzen du praktikan. Protokolo horietan (eta, beraz, Interneten), helbide batetik bestera helarazi behar den edozein informazio (posta-mezu bat, eskaera bat, web-orri bat, irudi bat...) paketetan banatzen da; gero sarea osatzen duen nodo bakoitzetik hurrengo nodora bideratzen dira paketeak, hainbat parametro kontuan hartuta (trafikoa, nodo eroriak...), helmugara ahalik eta ondoen eta azkarren irits daitezen; eta, bertan, informazioa berriz osatzen da, (pakete batzuen birbidalketa eskatuta, beharrezkoa bada). Beraz, edozein informazio ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzeko pentsatuta dago sarea.

Sare horretara konektatzen dituzte enpresa zerbitzu-emaileek euren zerbitzariak, eta bezero edo erabiltzaileek (telekomunikazio-enpresa baten bidez) euren ordenagailuak. Eta bezero batek zerbitzu bat erabili nahi duenean, horren abiadura baldintzatuko duten parametro bakarrak amaiera-puntu horien ezaugarriak izango dira (bezeroak kontratatua duen abiadura, enpresa zerbitzu-emaileak jarri duen zerbitzariaren ahalmena...); baina Internet sarean beste edozeinen tratamendu bera jasoko du informazio horrek, edozein delarik haren sorburua edo helmuga.

Sarearen neutraltasuna, beraz, Internet sarea gaur egun dena eta etorkizunean izan beharko lukeena definitzen duen printzipioa da, eta hau dio: saretik doan informazioak ez du inolako diskriminaziorik jasango edukia, jatorria, helmuga, plataforma, aplikazioa edo protokoloa edozein delarik ere, eta erabiltzaileak kontratatutako banda-zabalera duen komunikazio-kanala eskaintzera mugatuko da telekomunikazio-enpresa, bertatik doan informazioan inongo esku-sartzerik egin gabe.

Neutraltasunik gabe, akabo ezagutzen dugun Internet

Telefónicak egin nahi duena sarearen neutraltasunaren aurka doa erabat; izan ere, ordaintzen ez badiete neurriak hartzeko asmoa izango dute ziur, beraiekiko konexioak mantsotu edo moztea, adibidez. Horren aurrean, logikoena da Googlek eta besteek Telefónica antzarrak ferratzera bidaltzea. Nork kontratatuko du horiekiko konexioak poliki edo batere ez dabiltzan zerbitzua? Baina eta telekomunikazio-enpresa guztiak ados jarriko balira eta berea egingo balute? Internet guztiz aldatuko litzateke, Internet ez den beste zerbait bihurtzeraino.

Hasteko, esan bezala, telekomunikazio-enpresei ordaintzen dieten zerbitzu-emaileekiko trafikoa azkarrago joango litzateke, eta besteenekikoa polikiago. Horrekin akabo enpresa txikiek Interneten lehiatzeko gaur arte izan duten aukera-berdintasuna. Edo, bestela, ordaintzen ez dietenen trafikoa azkar joatea nahiko bagenu, erabiltzaileok ordaindu beharko genuke, eta erabili nahi ditugun zerbitzuen araberako tarifa ezberdinak egongo lirateke. Baina, gainera, behin ate hori irekita eta neutraltasunarekin amaituta, nahi dutena egingo dute telekomunikazio-enpresek. Beraien konpetentzia diren webgune eta zerbitzuekiko trafikoa mantsotu edo moztu lezakete, Skype eta haren antzekoak galaraziz, adibidez. Edo, zergatik ez, edozeinek ordain liezaieke bere konpetentziaren aurka egiteko...

Gainera, proposatzen dutena ez da bideragarria ekonomikoki ere. Gaur egun Interneterako sarbidea nahi duen edozeinek, erabiltzaile nahiz zerbitzu-emaile izan, telekomunikazio-enpresaren bati ordaintzen dio bertara konektatuta egoteagatik, baina bati soilik, eta orduan beste edozeinekin komunikatu daiteke; baina Telefónicaren gurariak arrakasta balu, ez berak soilik, Internet osatzen duten milioika sare txikiagoetako edozeinek bidesaria kobratu ahal izango lioke bertatik pasatu nahi duen edozeini. Interneten egotearen kostua bideraezina litzateke enpresa txikientzat, eta, handientzat ere, nork daki!

Partida, une erabakigarrian

Ez da hau sarearen neutraltasunak jasaten duen lehen erasoa. Egile-eskubideen defentsarako elkarteen lobbyak aspalditik ari dira eskatzen P2P programen trafikoa mugatzeko Espainian, Frantzian eta beste herrialde batzuetan. Baina, orain, Espainiako Industria ministroak esan du Telefónicaren asmoa ona izan daitekeela, eta badirudi Espainiako Gobernuak Europako Batasuneko presidentetza baliatu nahi duela legea SGAE eta Telefónicaren nahietara moldatzeko. Aldiz, AEBko presidente Barack Obamak argi dauka sarearen neutraltasuna babestu beharreko printzipioa dela. Bere hauteskunde-programan defendatu zuen, eta, oraingoz, behintzat, arlo horretan esandakoa betetzen ari da. Ikusi behar bi interes kontrajarri hauetatik zein gailentzen den.

Leturia Azkarate, Igor
2
263
2010
4
016
Internet
Mundu digitala
22

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia