Saguzar nektarzaleak
2002/09/02 Elhuyar Zientzia
Saguzar askok intsektuak jaten dituzte, baina badaude begetarianoak diren beste batzuk ere. Argazkian agertzen den saguzar honek, esaterako, loreek ekoizten duten nektarra du elikagai nagusitzat.
Australiako lore-saguzar arrunta ezagutzen diren saguzarretan txikienetarikoa da, ez da zortzi zentimetro baino handiagoa. Gauez elikatzen da eta erleen antzera lorez lore nektarra batzen igarotzen du gau osoa. Nektardun lore bat aurkitzean, burua lore barruraino sartu eta bere mingain luzearekin lorearen barrenean pilatzen den nektarra zurrupatzen du.
Nektarra ekoizten duten loreek polinizazio-lanetarako erabiltzen dituzte saguzarrak. Nektarra gauez bakarrik ekoizten dute, eta saguzarrak erakartzeko, usain sarkorra jariatzen dute. Saguzarrek, lore barreneko nektarra hartzeko, buruarekin polenez beteta dagoen zatia ukitu behar dute derrigor. Horrela, hurrengo loreko nektarra hartzera joaten denean, berarekin eramango du polena eta landarea ugaldu ahal izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia