Elhuyar zientziaren komunikazioa

Rodney Brooks-en mundu harrigarria: adimen artifiziala eta robotika

2002/06/18 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Rodney Brooks-ek, MITeko (Massachussetts Institute of Technology) Adimen Artifizialaren saileko buruak eta gai horretan mundu mailako adituak, hitzaldi jendetsua eskaini zuen atzo arratsaldean Miramon Parke Teknologikoko areto nagusian, Donostian. Ekitaldia Miramon Empresa Digital-ek antolatu zuen Mirela proiektuaren eskutik (MITekin elkarlanean garatzen ari diren robota).

Goizean izandako prentsaurrekoaren ildotik, robotikak eta adimen artifizialak gure bizitzan nola eragingo duten azaldu zuen. Haren hitzetan, robotika hastapenetan besterik ez dagoen zientzia da, eta etorkizun hurbilean aurrerapauso eta negozio-aukera handiak eskainiko ditu.

Aurrerapauso horien adibide anitz erakutsi zituen atzoko hitzaldian: hala nola, eraikin adimentsuak, marrazkiak interpretatzeko gai diren arbelak, gure umorea ulertzen duten robotak, hizkuntzak bereizten dituzten interfazeak, galderei erantzuteko gai diren Interneteko bilatzaileak, pertsonak ahotsaren bidez bereizten dituzten interfazeak, hanken protesi robotikoak, kirurgia gidatzeko robotak, entzuteko edo ikusteko gaitasuna eskainiko duten protesiak, eta beste hainbat.

Ikertzaile honek guztiz aldatu zuen giza-itxura eta -adimena eskuratzera zuzendua zegoen robotikaren mundua. Izan ere, haren ustez adimen artifiziala eta robotika gure beharretara egokitu beharreko zientziak dira, eta ez alderantziz: gizakia ezin da aldatu, baina, aldiz, robotak gure erabileretara egoki daitezke.

Haren esanean, litekeena da robotikak eta adimen artifizialak etorkizunean izango duten erabilera aurreikustean huts egitea, baina, dudarik gabe, gure bizitzan geroz eta presentzia handiagoa izango dute. Presentzia horrek, ordea, inoiz ez luke gure pribatutasuna murriztu behar eta, horretarako nahiz etorkizuneko aplikazioetarako, ezarri beharreko mugak denon artean erabaki beharko dira.

Rodney Brooks irakaslearen biografia

Rodney Brooks irakaslea MITeko (Massachussets Institute of Technology) Adimen Artifizialeko Laborategiko zuzendaria da (institutu horrek 230 lagun ditu), eta Konputazio Zientzien Fujitsu irakaslea. iRobot Corporation konpainiako presidentea eta zuzendari exekutiboa ere bada (Massachussets-en dagoen 120 laguneko enpresa).

Jatorriz australiarra, 1982an doktoretza egin zuen Stanford-en. Carnegie Mellon Unibertsitateko eta MIT-eko ikertzaile zientifikoa, eta Stanford-eko irakaslea izan zen MIT-en katedratiko sartu aurretik. Laurogeiko hamarkadan zehar, portaeran oinarritutako roboten kontzeptua garatu zuen, eta laurogeita hamarreko hamarkadan giza itxurako robotekin egin zuen lan.

Egun, sistema bizidunen eta ez-bizidunen arteko mugak aztertzen ditu. Adimen Artifizialeko Amerikako Elkarteko (AAAI) kide sortzailea da, eta Zientziaren Aurrerapeneko Amerikako Elkarteko kide ere bai. Hark argitaratutako azken bi liburuak, biak ere 2002an, honako hauek dira: Estatu Batuetan, Panteón editorialak Flesh and Machines: How Robots Will Change Us argitaratu zuen; eta Erresuma Batuan, Penguin editorialak Robot: The Future Of Flesh and Machines .

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia