Robotak soroan, bioteknologia platerean

Elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko modua eraldatzea premia estrategikoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko, hala nola biztanleriaren hazkundeari eta klima-aldaketari. BRTA ikerketa-aliantzako Tecnalian horretarako lanean ari dira adimen artifiziala, bioteknologia eta robotika erabiliz.

Robotak nekazaritza-­lan askotarako aproposak izan litezke. Tecnalian, nekazarien lana erraztuko duten robotak garatzeaz gain, haiek nekazariarekin elkarlanean aritzea dute helburu.

“Badakigu nekazaritzan lan asko ez direla oso erosoak, ez direla oso ergonomikoak; orduan, robotikara jotzen ari gara lan horiek denak automatizatu ahal izateko eta nekazariak erosoago egoteko”, azaldu du Urko Esnaola Campos ikertzaileak.

Fruta kaltetu gabe biltzeko gai den robot batekin ari dira lanean Tecnalian. Horrez gain, ikusmen artifizialeko kameren eta hainbat sentsoreren bidez, robotak lurzoruaren hezetasun-maila eta tenperatura ezagut ditzake, landare baten egoera aztertu, eta gaixotasunak hedatu baino lehen detektatu.

Robotak modu autonomoan lan egin dezake, edo pertsona batek urrutitik gainbegiratuta. Adimen artifizialaren eta giza kontrolaren arteko konbinazio horrek landa-eremuko egoera errealetara egokitzeko aukera ematen du. “Adibidez, robotak autonomoki biltzen ditu fruituak, baina demagun batzuk bildu gabe utzi dituela, ez dituelako detektatu edo batek daki zergatik… Orduan, pertsona batek etxetik edo lan-zentrotik kontrolatu dezake lan hori, ondo bukatzeko”, dio Esnaolak.

Gainera, pertsona batek kontrola hartzen duen bakoitzean, robotak ikasi egiten du. Etengabeko entrenamendua da, non giza esperientzia makinarentzako datu bihurtzen baita. “Horixe da robotikan datorren iraultza: ikasteko gaitasuna”, azpimarratu du Esnaolak. “Automatizatzen ari gara automatizatzeko oso zailak ziren aplikazioak”.

Tecnaliaren prototipoa moldakorra da eta hainbat funtzio bete ditzake; nahikoa da bere beso robotikoaren tresna aldatzea. Eman nahi zaion erabileraren arabera, tresna bat edo bestea jarriko zaio, eta robota bera ere izan liteke desberdina. “Berez, edozein robotetan erabilgarri izateko softwarea egiten dugu”, dio Esnaolak.

Teknologia horrekin nekazaritza-ekoizpena hobetzea dute helburu, baina elikagaigintzaren beste muturrean ere ari dira lanean Tecnalian: elikagai-hondakinak nutrizio-balio handiko osagai bihurtu nahi dituzte. Horretarako, mikroorganismoekin ari dira lanean Miñaon duten laborategian. “Normalean nekazaritzako elikagaien kateko azpiproduktuetatik abiatzen gara; eraldatu egiten ditugu eta haien balioa handitzen dugu”, azaldu du Thomas Dietrich ikertzaileak.

Lehenik, elikagaien hondakinak aztertzen dituzte. Batzuek antioxidatzaile edo koloratzaile naturalak dituzte, zuzenean atera daitezkeenak. “Adibidez, tomateen hondakinetatik hainbat produktu erauz daitezke”, dio Dietrichek. “Likopenoa, esaterako, oso antioxidatzaile sendoa da”.

Eta ez dute ezer alferrik botatzen. Gainerako tomate-­hondakina biorreaktoreetan sartzen dute mikroorganismoak elikatzeko, hala nola bakterioak, legamiak eta mikroalgak. Mikroorganismo horiek sortuko dituzte nutrizio-­balio handiko osagai berriak.

Esaterako, hondakin biodegradagarrietatik abiatuta omega-3 gantz-azidoa lortzen dute; zehazki, DHA, garunarentzat eta nerbio-sistemarentzat funtsezkoa den gantz-azido bat, erretina garatzeko eta mantentzeko ere giltzarria dena.

Modu horretara lortutako produktuen zerrenda luzea da. Ondoren, ohiko elikagaietan txertatzen dituzte, haien zaporea eta testura aldatu gabe. Horretarako, nanokapsulazioa erabiltzen dute.

Balio nutrizional handiko osagai berri horiek oso aproposak dira behar bereziak dituzten kontsumitzaileentzat: kirolariak, adineko pertsonak… Adimen artifizialaren laguntzaz, profil desberdinei egokitutako elikagaiak diseinatzen dituzte.

Elhuyar Zientzia

Fruta kaltetu gabe biltzeko gai den robot bat garatu dute Tecnalian. Horrez gain, lurzoruaren hezetasun-maila eta tenperatura ezagut ditzake, landare baten egoera aztertu, eta gaixotasunak detektatu. - ARG.: TECNALIA

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali