}

Pseudobirusak sendatzeko

1994/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Alsaziako Illkirch-ko Kimika Genetikorako Laborategietan pseudobirus batzuk sortu dituzte eta laster Strasburgeko ospitalean onkohematologi zerbitzuan erabiliko dituzte. Berez helburu teoriko hutsez sortu baziren ere, gene batzuen bektore izan daitezkeela ikusi da eta geneterapia berri batean in vitro erabil daitezkeela ere bai.

Pseudobirusak geneterapian erabil daitezke, gene luzeak ere garraia ditzaketelako.

Anomalia genetikoa konpondu nahi denean, ohizko teknika klasikoan kaltegarria ez den birusean gene normala ezartzen da eta birusak sartzen du gene normal hori zelula gaixoetan.

Zoritxarrez bektore diren birusek gene laburrak baino ezin dituzte garraia eta zeluletan ezarri ondoren eraginik gabe ere gera daitezke.

Pseudobirusek ez dute horrelako arazorik. Espermina izeneko proteina bati esker, transferitu behar den genearen bolumena murriztu eta guztia lipido-mintz artifizial batez inguratzen da. Multzoak 0,1 mikra neurtzen du, hau da, gutxi gora-behera “egiazko” birusak neurtzen duena.

Pseudobirusak ez dira toxikoak eta gene luzeak garraia ditzakete, baina desabantaila bat ere badute: birus biologikoen zelula-espezifikotasunik ez dute eta ez dira biologikoak bezain eraginkorrak. Horregatik, Strasburgeko ikerle-taldearen hurrengo urratsa pseudobirusetan helburu diren zelulenganako afinitatea hobetuko dieten elementuak ezartzea izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia