}

Poluzio-hautsa mutazioen eragile

2004/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lantegiek, energia-zentralek eta autoek igortzen dituzten kedar-partikula mikroskopikoek osasun-arazoak eragin ditzakete kantitate handiak arnastuz gero.

Lantegiek, energia-zentralek eta autoek igortzen dituzten kedar-partikula mikroskopikoek osasun-arazoak eragin ditzakete kantitate handiak arnastuz gero. Saguekin egindako ikerketa berri baten arabera, gainera, poluzio-mota horrek kalte genetikoak sortzen ditu, eta kalte horiek hurrengo belaunaldietara pasa daitezke.

Esperimentuan, hauts-iturritik hurbil jarri zituzten sagu batzuk, eta ikusi zuten horiek inguru garbiago batean bizi zirenak baino askoz mutazio gehiago pasatzen zizkietela ondorengoei. Bestalde, ikusi zuten aire-filtroek babes handia eman dezaketela, % 50 gutxitzen baitzituzten kalteak.

Oraindik ez dakite, ordea, mutazio horiek osasun-arazoekin lotuta dauden, ezta kedar-partikulek nolako eragina daukaten ere gizakien geneetan. Erakunde batzuk dagoeneko hasi dira partikula horien emisioak kontrolatzeko ekimenetan, arnas aparatuan izan dezaketen eragin kaltegarriari aurre egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia