Poluitzaileak eta itsas animalien gaixotasunak
2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
PBCak izurde eta baleen heriotzaren erantzule izan litezkeela uste zen orain arte, baina, orain, horren frogak ere aurkitu dituzte ikertzaileek. Londres-ko Zoologia Institutuko bi ikertzailek Mantxako kanalean eta Iparraldeko itsasoan bizi diren mazopak aztertu dituzte eta, bai PBCak eta bai merkurioa animalia horien gaixotasunen eragile direla ondorioztatu dute.

Gaixotasunen ondorioz hildako 33 mazopen gorputzean gantz kg-ko batez beste 31,1 mg PBC zeudela ikusi zuten, itsasontzien sareetan harrapatuta hil ziren 34 mazopengan baino 17,5 mg gehiago. Ikertzaileen ustetan, PBCen kopuru handiek eta gaixotasunek kausa/efektuzko erlazioa izan dezakete, laborategietan egindako probek substantzia horiek beste zenbait itsas ugaztunen sistema inmunologikoan eragiten dutela ikusi baita.
Beste ikerketa batean berriz, mazopen gibeleko merkurio-kantitateak neurtu dituzte eta berriz ere, gaixotasunen ondorioz hildako mazopengan merkurio-maila handiagoak aurkitu dituzte: 20,0 mg kiloko 12,3 mg-ren kontra. Ikertzaileak merkurioa eta PBCen arteko efektu sinergetikorik egon daitekeen aztertzen ari dira orain.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia