}

Pneumatiko isilak

2001/08/14 Elhuyar Zientzia

Ingeniari-talde batek zarata gutxiago ateratzen duten pneumatikoak diseinatzeko eredu matematikoa prestatu du.

Autopistaren edo bide nagusiaren ondoan bizi denak inork baino hobeto daki hurrengoa: errepidean zarata gehien ateratzen dutenak ez dira automobilen motorrak, ezta pazientzia gutxiko gidarien turutak ere; horiek ateratzen dutena makala ez bada ere, hots gehien ateratzen dutenak gurpilak dira, eta zarata gogaikarri hori sortzen dutenak pneumatikoen bibrazioak dira.

Pneumatikoen mailu-itxurako marrazkiek gurpila errepidera itsasteko balio dute. Baina marrazki horiek, bibratzean, bozgorailu estereofonikoen antzeko soinua ateratzen dute. Gainera, zati batzuek besteek baino azkarrago bibratzen dute, eta, horrela, zarata gehiago sortzen da.

Hots hori isilarazteko, AEBetako Purdue Unibertsitateko ingeniari-talde batek eredu matematiko bat prestatu du, zarata gehien ateratzen duten zatiak identifikatu eta bibrazio-indize txikiagoko pneumatikoak diseinatzeko. Oraindik irtenbidea urrun dago, egindako lehenengo modeloak bi dimentsiotako gurpilentzat baino ez baitu balio; hurrengo lana, beraz, benetako pneumatikoek hiru dimentsiotan dituzten ezaugarriak kontuan hartu eta horren araberako eredu matematikoa sortzea izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia