Elhuyar zientziaren komunikazioa

Plutonek planeta izateari utzi dio

2006/09/10 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Beraz, Pluton ez da planeta bat. Zergatik? Arrazoi nagusia da Astronomoen Nazioarteko Batasunak ( IAU ) hala erabaki duela, eta kontu hauetan erabaki ofiziala erakunde horrek hartzen duela. Baina zergatik erabaki du, bada, IAUk Pluton ez dela planeta bat? Bada, erabakiren bat hartu beharra zegoen lehenago edo geroago, egia esan. Izan ere, Pluton aurkitu zutenetik bertatik eztabaidatu da planeta den edo ez.

Orain, zortzi planeta ditu gure Eguzki-sistemak (zuriz) bederatzi beharrean; planeta hitza definitzeak ekarri du aldaketa. Pluton planeta nano bat da orain. (Argazkia: IAU/M. Kornmesser)

Pluton 1930ean aurkitu zuten Lowell Behatokian. Bederatzigarren planeta baten bila zebiltzan, Neptunoren orbitan eragina zeukan planeta bat zegoela adierazten zuten kalkuluek, eta argi urrun eta lauso hura aurkitu zuten: Pluton. Gero ikusi zuten kalkuluak ez zirela zuzenak Neptunoren masa gaizki kalkulatua zutelako, baina, dena dela, han zegoen planeta berria.

Planeta hura beste zortziak baino askoz txikiagoa zela ikusi zuten, eta planeta bat ote zen zalantzan jarri zuen batek baino gehiagok. 1978an Plutonek ilargi bat zuela ikusi zuten (Karon) eta horrek eztabaida baretu beharrean harrotu egin zuen, konturatu baitziren behatzen ari ziren puntu hura bi egitura zirela (Pluton eta Karon), eta, horrenbestez, Plutonen masa kalkulatu zuten baino txikiagoa zela.

Ikusten denez, eztabaida ez da gaurkoa, aspalditik dator. Baina izan zen gertaera bat gaia lehertu zuena: teknologiak aurrera egin ahala, objektu gehiago aurkitzen joan dira gure eguzki-sisteman; pixkanaka Plutonen neurrira gerturatzen ziren objektuak aurkitzen joan ziren, eta, halako batean, Pluton baino handiagoa zen bat aurkitu zuten: 2003 UB313. Aurkikuntza haren datu zehatzak joan den urtean eman zituzten, eta ordutik aurrera planeten gaineko saltsa berotzen joan zen: Pluton planeta bat bazen, UB313 ere bai.

Abuztuaren amaieran Pragan egindako batzar nagusian erabaki du Astronomoen Nazioarteko Batasunak planeta bat zer den.
IAU/M. Kornmesser

Kontu hura argitu beharra zegoen. Eta ez hori bakarrik; aurrerantzean aurki zitezkeen objektuak sailkatzeko irizpide garbiak behar ziren. Hitz batean, planeta bat zer den eta zer ez den argitu beharra zegoen.

Planetaren definizioa, azkenean

Beraz, zer da bada planeta bat? IAUk abuztuan eman berri duen definizioaren arabera, zeruko gorputz batek planeta izateko hiru ezaugarri bete behar ditu: bat, Eguzkiaren inguruan orbitatzen du; bi, masa nahikoa du bere grabitateak gorputz zurrunen indarrak gainditzeko, hau da, formak oreka hidrostatikoa (ia biribila) izateko; eta hiru, inguruko orbita ‘garbitu’ egin du.

Astronomiaren Nazioarteko Batasunaren batzar nagusian umorerik ez zen falta izan.
IAU/M. Kornmesser

Plutonek ez du hirugarren ezaugarria betetzen, eta, horrenbestez, ez da planeta bat. Beste kategoria bat eman diote: planeta nano bat da. Eta planeta nanoak dira, era berean, Karon (Plutonen ilargia), Zeres (Marte eta Jupiterren arteko asteroide-gerrikoko asteroide handiena) eta UB313 (izen egokiago baten zain). Dirudienez, Pluton ez dute kategoriaz gehiegi jaitsi nahi izan —planeta nano bat ez al da bada planeta bat?—, eta Neptunoz haraindiko objektuen ordezkaria dela esan dute.

Ordezkari hori, ordea, oraindik orain ez dute oso ongi ezagutzen; argi urrun eta lauso bat izaten jarraitzen du. Oraingoz, hedabideetan egiten du argi gehien, eta, seguruenik, hala izango da 2015era arte. Izan ere, orduan iritsiko da New Horizons zunda Plutonen ingurura, eta gertu-gertuko informazioa bidaliko du: orduan jakingo dugu benetan nolakoa den Pluton planeta nanoa.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia