Plastiko gehiago garunean, gibelean eta giltzurrunetan baino
2025/02/05 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mikro- eta nanoplastiko gehiago aurkitu dute giza garunetan, gibeletan eta giltzurrunetan baino. Gainera, ikusi dute partikula gehiago daudela 2024ko laginetan, 2016koetan baino. Ikertzaileek argi utzi dute ez dagoela argi horrek osasunean zer eragin izan dezakeen, baina ingurumeneko plastiko-kontzentrazioaren gorakada globalaren ondorio bat izan litekeela. Nature Medicine aldizkarian argitaratu dute lana.
2016an eta 2024an autopsia egin zitzaien 52 gorpuren gibeleko, giltzurrunetako eta garuneko (kortex frontaleko) laginetako mikro- eta nanoplastikoak aztertu dituzte. Lagin guztietan atzeman zituzten plastiko-partikulak. Gibeletan eta giltzurrunetan antzeko kontzentrazioak topatu zituzten eta nabarmen handiagoak garunetan. Ez zuten diferentziarik topatu ez adinaren arabera, ez sexuaren, arraza edo etniaren, ez heriotza-arrazoien arabera; baina bai heriotza-urtearen arabera: mikro- eta nanoplastiko gehiago aurkitu zuten 2024ko gibeleko eta garuneko laginetan.
Azkenik, dementzia diagnostikatuta zuten 12 gorpuren garuneko laginetan metaketa handiagoa zela ikusi zuten. Egileek garbi adierazi dute asoziazio bat soilik identifikatu dutela, eta horrek ez duela esan nahi lotura kausalik dagoenik. Hala ere, haien ustez emaitzok agerian uzten dute beharrezkoa dela epe luzeagoko ikerketak egitea, populazio handiago eta anitzagoekin, mikro- eta nanoplastikoen metaketa osasunean izan ditzakeen ondorioak argitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia