}

Pitzadurak Kiotoko Protokoloan

2001/03/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Aspaldian susmatzen zena baieztatu du Estatu Batuetako presidente George Bush-ek, hots, Kioton harturiko konpromisoa betetzeko asmorik ez duela.

Martxoaren hasieran G-8 taldea osatzen duten herrialdeek (Estatu Batuak, Errusia, Alemania, Japonia, Erresuma Batua, Kanada, Frantzia eta Italia) ohiz kanpoko bilera egin zuten Triesten (Italian) eta Kiotoko Protokoloak dioena betetzea erabaki zuten. Gasen isurketa murriztea erabaki zuten, baita murrizketa norberak bere herrialdean egitea ere, hau da, isurketa-kuotak beste herrialdeei erosi gabe. Baina orain, Estatu Batuek hitza jan eta CO2aren isurketa kontrolatzeari uko egin dio George Bush-en gobernuak. Estatu Batuetako Ingurugiro Agentziako zuzendariaren esanean, Protokoloa inplementatzea ez zaie interesatzen eta funtzionatuko ez duen prozesu batekin denbora galtzeak ez du zentzurik.

Energia-arazoak

Estatu Batuetan ekoizten den energia elektrikoaren erdia ikatzez elikatutako zentraletan egiten da, eta sektorea erregulatzeak elektrizitatea asko garestituko lukeela adierazi du Bush presidenteak. Gainera, aspaldi honetan krisiak jota dabil Estatu Batuetako energia-sektorea, 1996an sektorea liberalizatzeko plana martxan jarri zenetik. Dirudienez plana konplexuegia eta etorkizun-sen gutxikoa zen eta energia-sektorearen gainbehera ere eragin dezake. Ondorio ekonomikoak aparte, ondorio energetikoak nabarmenak izan dira, bereziki Kalifornian. Egun, Kaliforniako energia-eskaintza ez da eskaria asetzeko gai eta biztanleek elektrizitate-etenaldiak sufritzen dituzte.

Dena dela, Estatu Batuek beti agertu dute jarrera hotza Kioton harturiko konpromisoekiko. Joan den urteko azaroan Hagan eginiko azken goi-bileran ere eztabaidak gogorrak izan ziren eta porrota erabatekoa. Orduan, Kioton harturiko konpromisoak betetzeko mekanismoak finkatu eta zehaztu behar ziren.

Batetik, hitza eta epeak betetzen ez zituzten herrialdeentzako kontrol-mekanismoak, isunak esaterako, hitzartu behar ziren. Bestetik, finantzazioa eta, azkenik, mekanismo malguak. Kiotoko Protokoloak esaten du isurketak murrizteko gai ez diren herrialdeek gehiegizko isurketak beste mekanismo batzuen bidez konpentsa ditzaketela, besteak beste, garatzen ari diren herrialdeetan garapen garbirako teknologiak ezartzea eta isurketa-eskubideen salerosketa. Hagan garapen garbirako teknologiak zein ziren zehaztu behar ziren, baita isurketa-eskubideen salerosketak mugatu edo ez.

Estatu Batuak, Kanada, Australia, Zeelanda Berria, Japonia eta Errusia salerosketak ez mugatzearen alde agertu ziren, baita konpromisoa betetzen ez zutenei isunik ez jartzearen alde ere. Europako Batasunak, ordea, aurkako jarrera agertu zuen. Bestalde, garapen-bidean dauden herrialdeak isurketen baitan euren garapena mugatzeko prest ez daudela aldarrikatu zuten, eta petrolio ekoizten duten herrialdeek ekoizleek ere euren iritzia agertu zuten. Hagan bakoitzak bereari eutsi zion eta adostasunik gabe amaitu zen bilera. Ustez, hura zen Kiotoko Protokoloari azken zertzeladak eman eta indarrean jartzeko bilera.

Kioto ezerezean geldi al daiteke?

Estatu Batuak munduko populazioaren % 6 dira, baina atmosferara isurtzen den guztiaren % 25 beraiei dagokie. Kioton harturiko konpromisoarekin aurrera segitzen ez badute, asko mugatuko lukete klima-aldaketaren aurkako borroka. Hala ere, Estatu Batuak deabrutu eta gaitz guztien errudun epaitzea sinplegia eta erosoegia da. Izan ere,

Europako Batasunak Kiotoko Protokoloa betetzeko asmo onak behin eta berriro agertzen baditu ere, kideetako batek berak ere ez du oraindik Protokoloa berretsi. Sinatu, 84 herrialdek sinatu zuten, baina berretsi 33k bakarrik. Kiotoko Protokoloa ez da indarrean ipiniko sinatzaileen % 45ek berretsi arte, ezta berresten dutenen artean gas gehien isurtzen duten herrialdeak ez badaude ere. Eta berretsi duten 33 herrialdeen artean ez dago industrializatutako bat bera ere. Gainera, WWF erakunde ekologistak berriki salatu duenez, Europan gehien isurtzen duten herrialdeek hitzartutako baino 220 milioi tona gas gehiago isuriko dute atmosferara 2010 urtean. Herrialde horiek Alemania, Frantzia, Espainia, Erresuma Batua, Suedia eta Herbehereak dira eta guztira Europako Batasunean igorritakoaren % 70 dagokie.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia