}

Pintura patatarekin

1998/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Philip Taylor kimikaria almidoiez osaturiko pintura egin eta testatzen ari da laborategian. Ohizko pinturen osagai nagusia petrolioaren deribatuak dira, biniloa eta akrilikoa nagusiki. Deribatu horiek ordezkatzeko, gari, arto edo patatatik lortzen duen almidoia erabiltzen ari da kimikari ausarta.

Orain arteko emaitzek ohizko pinturen pareko produktua eman dute eta osagai organikoak izan arren, ez da paretan usteltzen. Taylorren esanetan, almidoia polimeroetan txertaturik doa eta, horri esker, bakterioak edo onddoak ezin daitezke bertatik elika.

Nolanahi ere, uretan eta hezetasun-maila handiko inguruetan produktu berria ez da ohizko pinturak bezain ona. Egoera horretan almidoia deskonposatu egiten da eta azukreak askatzen ditu.

Petrolioaren deribatuekin eginikoak baino merkeagoa da pintura berria eta bi urte barru merkatuan egotea espero du kimikariak. Ordurako bi koxka gainditu beharko ditu; urarekiko erresistentzia batetik eta koloratzaileekin bateratu ahal izatea bestetik, pintura zuria soilik lortu baitu oraingoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia