Pintura ekologikoak ekoizten
2004/10/01 Ilundain Aranburu, Pedro Iturria: Elhuyar aldizkaria
Atmosferara isurtzen diren konposatu organiko lurrunkorrek osasunean eta ingurumenean eragiten dituzten kalteak direla eta, isurketa horiek gutxitzeko hainbat neurri hartu dira nazioartean (Kyotoko eta Montreal-ko protokoloak). Gainera, gizartean ingurumenarekiko kontzientzia zabaldu denetik, konposatu kaltegarririk gabeko produktuen eskaria handitu egin da. Adibidez, etxeko fatxadak margotzeko erabiltzen diren pinturen % 70 uretan garbitzen dira.
Emultsioan egiten diren polimerizazioei esker, konposatu organiko lurrunkor gutxi dituzten produktuak azkar zabaldu dira merkatuan. Besteak beste pinturak ekoizteko erabiltzen den erreakzio-mota horretan, disolbatzailearen ordez ura erabiltzen da, eta, ondorioz, konposatu kaltegarri askoz gutxiago dituzten produktuak lortzen dira.
Baina, hala ere, pintura-mota horietan ezinbestean egoten dira konposatu kaltegarriak, erreakzionatu gabe gelditu den lehengaia eta beste erreakzioetatik datozen konposatuak direla eta. Beraz, horiek minimizatzea da gakoa. Gaur egun, entseguak behin eta berriz egin eta bakoitzak ematen dituen emaitzak neurtuta egiten da deuseztatze hori industrian, eta horrek arazoak sortzen ditu.
Konposatu kaltegarriak minimoetara
Ikerketa-lan honetan, industrian gehien erabiltzen diren pintura-moten, pintura binilikoen eta akrilikoen, postpolimerizazio-mekanismoak aztertu dira sakonean. Postpolimerizazioa konposatu kaltegarriak deuseztatzeko erabiltzen den erreakzioa da.
Erreakzio hori abiarazteko sistemarik egokiena zein den hautatzeko modua eskaini du ikerketak. Hain zuzen ere, uretan disolbagarriak diren erredoxak dira erreakzionatu gabe gelditu den lehengaia edo monomero-hondarra ezabatzeko egokienak. Gainera, zenbat monomero-hondar deuseztatuko den eta konposatu organiko lurrunkor berririk sortuko den edo ez aurreikusteko eredu matematiko bat ere garatu da ikerketan.
Eredu horrek postpolimerizazioa optimizatzeko aukera eskaini du, pintura binilikoen eta akrilikoen monomero-hondarra milioiko 50 zati baino gutxiago izan arte eta konposatu organiko lurrunkorren kopurua milioiko 1.250 zati baino gutxiago izan arte.
Amaitzeko, pinturen sintesian bertan sortzen diren konposatu organiko lurrunkorrak gutxitzeko aurreikerketa hasi da. Hala, konposatu kaltegarrien arazoa sintesitik bertatik aurreikusi eta haiek % 60 gutxitzea lortu nahi da.
Gainera, ikerketa honetan lortutako emaitzek aplikazio zuzena izan dute industrian, eta, haiei esker, Atofina enpresak (Serquigny, Frantzia) berriz merkaturatu ditu aurrez iparraldeko herrietan konposatu organiko lurrunkorren maila altuagatik erretiratuta zeuzkan pintura biniliko eta akriliko batzuk.
Doktoretza-tesia amaituta, orain Ikerlat Polymers enpresan lan egiten du Pedro Ilundainek.
- Proiektuaren izenburua
Monomero-hondarra deuseztatzea latexean. Postpolimerizazio-prozesuaren hobekuntza. - Helburua
Pinturetarako erabiltzen den latexeko konposatu poluitzaileak deuseztatzea. - Zuzendariak
J.M. Asua eta M.J. Barandiaran. - Lan-taldea
P. Ilundain, R. Salazar, D. Alvarez, L. Da Cunha, M.J. Barandiaran eta J.M. Asua. - Saila
Kimika Aplikatua. - Fakultatea
Kimika Fakultatea. - Finantziazioa
Brite-Euram BE 97-4286.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia