}

Pinatubok eguraldia epeldu

1993/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sumendietako erupzioen eraginez Lurra hoztu egiten da, oro har. Baina EEBBetako zenbait ikerlarik dioenez, Eurasian eta Iparramerikan erupzioren bat gertatzen denean, neguak dexente epeltzen omen dira. Eta erupzioa hemisferio batean ala bestean gertatzeak ez dio axola. Filipinetan dagoen Pinatubo sumendiaren erupzioaren ondorioz, arestian aipatutako epelketa nabariagoa izan zen 1991/1992ko neguan.

Sumendiek hoztu egiten dute Lurra, estratosferara materia ugari isuriz (azido sulfurikoa, batez ere). Estratosferako azido sulfurikoak Eguzkitik datorren beroa zurgatu egiten du eta bero horri Lurreraino heltzen ez dio uzten. Fenomeno honek urte batzuetan zehar iraun dezake. Jadanik Pinatuboko erupzioak Lurraren gainazala 0,5 °C hoztu duela estimatzen da.

Lurraren gainazala hozten den bezala, goi-altitudeetan Eguzkitiko energia zurgatzeagatik estratosfera berotu egiten da. Negu-partean aipatu bi efektuak ahulak izaten dira goi-altitudeetan. Estratosferan gertatzen diren beroketa-fenomeno desberdin hauen eraginez, goi- eta behe-latitudeen arteko tenperatura-diferentziak areagotu egiten ditu eta baita Lurreko airearen zirkulazioa ere.

Maryland unibertsitateko Alan Robock-ek eta Jianping Mao-k azaldu dutenez, Lurreko gainazalaren tenperatura aldatu egin da erupzio handien hurrengo hilabeteetan. Horretarako 1883. urtean gertatutako Krakatoa-ko erupziotik hasi eta 1991. urtean Pinatubo-ko erupzioa izan bitarteko hamabi erupzio handi aztertu zituzten ordenadoreak erabiliz. Aldi berean Ipar Hemisferioa epeltzearen zergatia ere azaldu zuten.

Arrazoi nagusia honakoa da: neguan goi- eta erdi-latitudeetako haizeak indartu egiten dira eta horrela itsas haize gehiago heltzen da kontinenteetara. Neguan itsasokoa lehorrekoa baino epelagoa izaten denez (eta alderantziz udan), itsas haizeak epeldu egiten ditu kontinenteak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia