}

Pilula dela eta

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu-mailan egin berri den Antikontzepzioari buruzko Kongresuaren emaitzek berebiziko oihartzuna lortu dute komunikabideetan. Ez da harritzekoa, herritar askoren kezka baita harreman sexual seguru eta osasungarriak edukitzea. Hitz lauz esanda, bi ondorio nagusitara heldu ziren aipatu kongresuan —Daphne izeneko mediku-taldeak egindako ikerketaren emaitzekin bat, bide batez—.

Batetik, pilula, antisorgailurik erabilienetakoa, behar bezala erabiliz gero oso eraginkorra dela (% 99,8ko erangikortasuna) eta, bestetik, gaizki erabili izanaren ondorioz oso altua dela, altuegia gure iritziz, gaur egun oraindik ematen den haurdunaldi-tasa. Hutsegiteaz hitz egiten ari da etengabe eta, beraz, pilula hartzeaz ahaztu edo ordutegiak errespetatzen ez dituzten pazienteen esku geratzen omen da arazoa.

Alfredo Otalora

Kasu askotan horrela dela ongi dakigu medikuok. Kontsultara etortzen zaizkigun pazienteen artean sumatzen da hori. Nolanahi ere, ez dut uste arazoa horretara mugatu behar denik. Medikuok ere eduki ohi dugu ardura handia hutsegiteak gertatzen direnean. Behin baino gehiagotan aipatu izan den bezala, antikontzepzio selektiboa egin behar da; kasu bakoitzak, pertsona bakoitzak, behar konkretu batzuk ditu eta horiei erantzun behar zaie; bestela esanda, pilula-mota guztiak ez dira berdinak eta, paziente bakoitzaren azterketa xehetua egin ondoren, egokien zaiona erabiltzeko gomendatuko diogu.

Are gehiago, pilula ez da antisorgailurik egokiena pertsona guztientzat. Pazienteari gaur egun dituen aukera guztien berri eman behar zaio, bere osasun-egoera aztertu, sistema bakoitzak ekar ditzakeen arazoez hitz egin... zalantzarik gabe, medikuok garrantzi gehiago eman beharko genieke lehen elkarrizketa horiei.

Oro har aztertuta, guregana antisorgailuren baten bila etortzen diren pazienteek aldez aurretik zer nahi duten badakitela iruditzen zait; bikotearekin edo, hitz egiten dute gure aholkua eskatzera etorri baino lehen. Horrek, batetik, interesa egon badagoela erakusten digu, baina, tamalez, aurreiritzitan oinarritzen dira paziente askoren “interes” horiek; pilulak minbizia sortzen duela, behin erabiltzen hasiz gero izugarri gizentzen garela, bibotea ateraraziko digula... nik hemen aipatu beharrik ez dago, noski, aski ezagunak baitira uste horiek (gehienak edo guztiak ustelak, gainera). Berriro esango dugu, bada, informazioa izugarri garrantzitsua da. Ahalegin handia egin behar da informazio kanpainetan, ongi informaturiko herritarrek askatasun osoz erabaki ahal izango dutelako zer den komeni zaiena.

Amaitzeko, antisorgailurik onenak ere hutsegite batzuk izan ditzakeela gogorarazi nahiko nuke. Gaur-gaurkoz, izan ere, ez dago erabateko eraginkortasunik eskaintzen duen metodorik; % 100era hurbitzen ari gara, noski, baina oraindik ez da perfekzioa lortu. Horretaz jakitun, aukeran ditugun guztien artean, norberak erabaki beharko du berea; gomendio modura, preserbatiboaren alde egiteko esango nuke, bereziki gazteen artean, antisorgailutzat ezezik, transmisio sexualeko gaixotasunak saihesteko ere balio duelako. Esandakoa: guztion esku dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia