Pianoa matematiken lagun
1997/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, matematiketan erraztasuna izateko pianoa jotzen ikastea mesedegarria da. Gordon Shaw eta Frances Rauscher zientzilariek hiru eta lau urteko umeak lau taldetan banatu dituzte. Konparazio-testak eta formak ezagutzeko testak erabili dituzte, hauek matematiketarako gaitasunarekin zerikusia duten adimen-funtzioak direlako.
Testak egin baino lehen, lau taldeetako hiru sei hilabetez egunean hamar minutuan pianoa, kantua edo informatika ikasten aritu zen. Laugarren taldea, berriz, ez zen ezertan aritu. Pianoan aritutako taldeak atera zituen matematiketan emaitza onenak; beste hiru taldeek baino dezentez hobeak, hain zuzen. Ikertzaileek diotenez, pianoa ikasten dabiltzanek garuneko zona batean neuronen arteko konexio-kopurua handiagotu egiten dute, eta zona hori da espazio/denborako arrazoiketaz (beraz matematikak ulertzeaz) arduratzen dena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia