}

Philaeren kometaratzea, emozioz betetako operazioa

2014/11/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

philaeren-kometaratzea-emozioz-betetako-operazioa
Rosettak Philaeri ateratako argazkia, kometarako bidean. Arg. ESA/Rosetta/MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/SSO/INTA/UPM/DASP/IDA

Egun handia izan da ESArentzat, eta baita zientzialari eta zientziazaleentzat ere. Goizeko 9:35tan hasi dira une zirraragarrienak, orduan baieztatu baita Philae ibilgailuak 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara joateko bidea hasi duela, Rosett aespazio-ontzitik askatuta. Kalkulatu zuten bezala, zazpi ordu behar izan ditu kometaren azalera iristeko, eta, bitartean, argazkiak atera ditu.

ESAren operazio-zentrotik zuzeneko jarraipena egin dute, eta, horri esker, mundu osoak izan du gertatzen zena ikusteko aukera. Une hunkigarrienetako bat Philaek ateratako lehen argazkia ikusi denekoa izan da.

Philaek ateratako lehen argazkia, Rosettatik bereizi berritan. Arg. ESA/Rosetta/Philae/CIVA

Hala ere, emozionanteena lur hartu duela baieztatzeko momentua izan da. Kamerek garbi erakutsi dute operazio-zentroan bizi izan duten urduritasuna eta kezka. Gainera, bezperan egindako azterketan jabetu ziren akats bat zegoela Philaeren aingura-sisteman. Horren ondorioz, %75etik %50era jaitsi zen lurreratzean arrakasta izateko probabilitatea.

Arratsaldeko bostetan iragarri dute lur hartzeko operazioa ondo atera dela. Txaloka eta pozik hartu dute berria ESAko operazio-zentroan, eta arduradunek zorion eta esker oneko adierazpenak egin dituzte. Besteak beste, esan dute "nazioarteko elkarlanaren emaitza" izan dela, eta behin baino gehiagotan aipatu dute "historiko" hitza.

Minutu batzuk geroago, ordea, ohartarazi dute aingura-sistemak huts egin duela. Hortaz, Philae kometaren azalera itsatsi da, bai, baina torlojuen bidez soilik dago helduta. Ingeniariak zer gertatu den aztertzen ari dira, irtenbide bat asmatu nahian.

Bestalde, Rosettak bere eginkizunekin jarraituko du. Ander Martinez de Albeniz Rosettaren ibilbidean parte hartzen duen ingeniarietako bat da, eta, haren esanean, "egun luzea" izan zen atzokoa. Emergentziazko komandoen ardura zuen, eta, zorionez, ez zuen lanik egin behar izan. "gure aldetik [Rosettaren aldetik] gauzak oso ondo joan dira".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia