}

Pertsonen kontrako minei aurre egiteko arma

2004/04/19 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Genetikoki eraldatutako zenbait landarek pertsonen kontrako minak atzemateko balio dute.

Pertsonen kontrako mina arerioa hiltzeko, ahultzeko edo nahi ez den lurretan ez sartzeko tresna ona izan da gerra-garaian, eta, tamalez, oraindik ere bada. Zenbait herritan arma horren produkzioa debekatzen edo murrizten saiatu badira ere, lur asko dago oraindik mina-mota horiez josita. Hori dela eta, hainbat ikertzailek heldu dio pertsonen kontrako minak atzemateko lanari.

Beldurgarria da pertsonen kontrako minek urtero zenbat jende hiltzen duten. Arazo horri nola edo hala aurre egin nahian, metodo ugari azaldu dira azkenaldian.

Landare salbatzaileak

Urtarrilaren bukaeran, Danimarkako Aresa Biodetection bioteknologia-enpresak jakinarazi zuen, belar gaizto batetik abiatuta eta bioingenieritzako teknikak baliatuta, lehertu gabeko minak atzemateko gai den landarea sortu zuela.

Ikertzaileen esanean, berde-koloreko hostoak gorri bihurtzen dira landareak minek isurtzen duten nitrogeno dioxidoa xurgatzean. Ikertzaile danimarkarrek erabili duten landareak Arabidopsis thaliana izena du. Hosto txikikoa da, eta haren loreak ez dira ikusgarriak. Eta nola aldatzen den kolorez? Landarearen sustraiek nitrogeno dioxidoa xurgatzean, prozesu biokimiko bat hasten da ; prozesu horren bidez, antozianina pigmentu naturalaren ekoizpena azkartzen da. Pigmentu natural hori landare osora zabaltzen da, eta, hala, hostoak gorritu egiten dira.

Landare horrek hainbat abantaila du ikertzaileen aburuz. Lehenengoa eta garrantzitsuena da haren genoma duela urte dezente deskodetu zutela. Horretaz gain, azkar hazten da, eta, poloetan izan ezik, edonon haz daiteke, zaindu beharrik gabe. Azkenik, nabarmentzekoa da landare gogorra dela, alegia, ez dela beharrezkoa leku minatuak soiltzea landare hau ereiteko. Baina horren landare gogorra izateak badu arriskurik: gehiegi ugaldu eta tokian tokiko landaretzari kalterik egin diezaioke. Hori saihesteko, landare arrak antzutu egin dituzte zientzialariek.

Orain arteko proba guztiak negutegietan egin dituzte danimarkarrek, baina, emaitzak ikusita, Bosnian, Sri Lankan edo Afrikako zenbait herrialdetan hastekoak dira probak egiten.

Kolorez eta formaz aldatzen diren landareak

Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaile-talde batek, Michael Deyholos biologia molekularreko irakasle kanadarra talde-buru duela, genetikoki eraldatutako landareak sortu ditu lurpean dauden pertsonen kontrako minak atzemateko.

Ideia Anthony Faust Kanadako Defentsa departamenduko ikertzaileari burutu zitzaion. Izan ere, telebistan Marte begetatzeko erreportaje bat ikusten ari zela ohartu zen bertan azaltzen ziren metodo batzuek balio dutela pertsonen aurkako minak atzemateko. Lurpean dauden arma-mota horietako gehienek trinitrotoluena (TNT) eta beste osagai kimiko batzuk dituzte, eta, denborarekin, osagai horiek barreiatu egiten dira lurrean. Hori dela eta, kanadar zientzialariek genetikoki eraldatutako landareak sartuko dituzte lur horietan, eta landare horien erroak TNTa detektatzean kolorez edo formaz aldatuko dira. Era horretan, minak zehazki non dauden jakingo dute.

Usaimen ona duten arratoiak

Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan ez ezik, Afrikan ere minen kontrako kanpainak antolatzen dihardute. Sokoineko (Tanzania) unibertsitate agronomoan, hain zuzen ere, erreminta, berri, merke, arin eta bizkor bat aurkitu dute arazo horri nolabait aurre egiten laguntzeko. Bertako zientzialariek arratoiak erabiltzen dituzte minak atzemateko. Animalia horiek minak eta lehergaiak usaintzeko trebatzen dituzte. Zakurrak baino eraginkorragoak direla diote, jabe bat baino gehiagori egiten baitiote kasu.

Arratoi horiei, lanean ari direnean, errail mugikor bati lotutako arnes bat ezartzen zaie. Arnes hori metalezko sareta baten gainean kokatzen dute. Bi ikertzailek sareta hori lurrean utzi, eta mugitzen hasten dira arratoiak zerbait usaintzen duen arte. Arratoiak sudurra murgiltzen duen gunean, normalean, mina batekin egiten dute topo. Animaliari, nola ez, sari bat (banana-puska bat gehienetan) ematen zaio mina bat aurkitzen duen bakoitzean.

Arratoi horiek gutxi gorabehera 75 zentimetro neurtzen dute, eta 1,35 kg inguru pisatzen dute. Lur arriskutsuetan nahi bezala ibil daitezke inongo minarik aktibatu gabe, arinegiak baitira gailu horiek eztandarazteko. Arratoien metodo hori Mozambiken erabili dute. Izan ere, gerra zibilaren ondorioz, eztandarazi gabeko pertsonen aurkako 500.000 mina daude oraindik herri hartan.

Pertsonen kontrako minak atzemateko metodo horiek guztiak pauso bat gehiago dira arma-mota horren aurkako gudukan. Hala ere, argi dagoena da gailu horiek pertsona batek desaktibatu behar dituela. Arriskua, beraz, ez da guztiz desagertu, eta kontuan hartzekoa da zenbait estatuk oraindik ere minak ekoizten segitzen duela.

Minen jatorria

Mina terminoaren jatorria teknika militar zahar batean oinarritzen da. Aspaldian, arerioen gotorlekuen paretak bibrarazteko erabiltzen ziren minak. Bolbora asmatu zenean, minen punta hauts horrez betetzen hasi ziren, eta ondoren eztandarazi. Metodo hori asko zabaldu zen Errenazimendu garaian, eta are gehiago Lehen Mundu Gerran.

Gailu horiek arrisku dezente zutenez, gurdien kontrako minak sortu zituzten. Haiek ere ezbehar ugari eragin zuten, ordea, eta, azkenean, pertsonen kontrako minak asmatu zituzten. Mina-mota horiek izugarri hobetu dira urteak pasa ahala, eta, gaur egun, puntako teknologiak erabiltzen dituzte gero eta mina sofistikatuagoak sortzeko.

Minak ekoizten dituzten enpresarien buruhauste nagusia gailu horiek ez atzemateko moduko materialak erabiltzea da, batik bat, eraginkorrak izan daitezen, hau da, ahalik eta jende gehien hil dezaten. Urteetan zehar osagai metalikoz ekoizten ziren pertsonen aurkako minak, baina arerioek nahiko erraz detektatzen zituztenez, plastikoa edo egurra bezalako materialak erabiltzen hasi ziren.

Gaur egun, guztira 340 mina-modelo baino gehiago dago. Prezioak bakoitzaren aurrerapen teknologikoen arabera egiten du gora edo behera. Sinpleenak 1,5 euro balio du, baina presio bidez eztandarazten diren minen batez besteko prezioa 4,8 eurokoa da. Mina "dotoreak" deitzen direnak, aldiz, autoneutralizatzaile-mekanismoak dituztenak, hain zuzen ere, 181 euro balio dute.

Ondorio penagarriak

Gurutze Gorriko nazioarteko batzordearen arabera, minen ondorioz, hilean 800 pertsona (egunean 26) hiltzen dira. Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak dio minek 26.000 heriotza eragiten dituztela urtero. Hala eta guztiz, kaltetu-kopuru zehatza zenbatekoa den jakiten oso zaila da, minez josirik dauden herriek ez baitute azpiegitura nahikoa horretarako.

Horrez gain, ondorio ekonomikoak aztertuz gero, minen izurriteak badu eraginik herri horien ekonomian. Izan ere, kontuan hartzekoa da mina bidez zauritzen diren pertsonei osasun-laguntza eskaini behar zaiela, eta gastu horiek normalean estatuak hartzen dituela bere gain. Biktima horiek odol-kantitate handia behar izaten dute, eta, ebakuntza kirurgiko bereziez gain, batzuei protesiak ezartzen zaizkie. Ondoren, errehabilitazioa egin behar izaten dute. Pazienteko, batez beste, 360 euro gastatzen dira. Gainera, ordura arte lan egin zezaketen pertsonak karga sozial bihurtzen dira, ez beren familientzat soilik, baizik eta herri osoarentzat.

Bestalde, minak lurpean jartze hutsak lurrak kaltetzen ditu. Eta, nola ez, eztandarekin batera kalteak are eta gehiago handitzen dira. Zuhaitzek eta landareek hedatze-uhina jasaten dute, eta horrek kalte ikaragarria egiten die. Beraz, minek ingurune ekologikoa ere aztoratzen dute hein handi batean.

Bestalde, pertsonen kontrako mina bat desaktibatzeak 210-720 euro bitartean balio du, Nazio Batuen arabera. Kostuak, beraz, ikaragarri igotzen dira.

Gailu horiek detektatzeko hamaika saiakera egin dira, eta oraindik ere ikertzaile askok dihardu horretan. Aurrerapen horiek guztiek bizitza bakar bat salbatzeko balio badute ere, eraginkorrak direla esan genezake. Baina noizbait konponduko edo amaituko ote da arazoa?

Bi ikertzaile-mota daudela esan genezake: alde batetik, teknologia mailan pertsonen aurkako mina gero eta sofistikatuagoak asmatzen dituztenak, eta bestalde, mina horiek atzemateko eta desaktibatzeko lanean dihardutenak. Baina nork ordaintzen diete horiei denei?

Amaierarik gabeko guduka

Pertsonen aurkako minen guduka amai dadin, Ottawako ituna sinatu zuten hainbat herrik 1997. urtean. Tratu horren arabera, sinatzaileek debekaturik dute minak erabiltzea, biltzea, ekoiztea eta leku batetik bestera eramatea. Gaur egun, 150 herrik sinatu eta berritsi dute Ottawako ituna, baina 44 herri falta dira sinatzeko, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, Kuba, Errusia, Txina eta abar.

Gezurra dirudien arren, oraindik ere urtean 5-10 milioi mina ekoizten dira 44 herri horietako enpresa pribatu eta publikoetan. Gerra Hotzaren garaian, hornitzaile nagusiak Txekoslovakia, Italia, Jugoslavia eta Sobiet Batasuna izan ziren. Gaur egun, merkatu horretan indar handia dute Pakistanek, Egiptok, Italiak eta Hegoafrikak. Hala eta guztiz, nahikoa da pertsonen kontrako minen ekoizle eta erosle bakar bat egotea, guduka hau amaiezina izan dadin.

Mina-modeloak eta ekoizleak

Modeloa

Ekoizlea

Pisua

C3A1

SNC Industrial/KANADA

860 g.

IMI Nº10

Israel Military Industries/ISRAEL

644.497 g.

M-18/M-18A1

AEB, KOREA, IRAN, HEGOAFRIKA

1,6 Kg.

M-49

Estatuko enpresak/HUNGARIA

300 g.

P-S-1

Explosivos Alaveses/EUSKAL HERRIA

3,7 Kg.

P-4-A

Explosivos Alaveses/EUSKAL HERRIA

210 g.

PMD-6

Estatuko enpresak/ERRUSIA

400 g.

VALMARA 69

Valsella Meccano-tecnica Spa/ ITALIA

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia