}

Pazifikorako bideak

2003/03/11 Elhuyar Zientzia

Gizakiak Indonesiatik Australia aldera eta Pazifikoko uharteetara migratu zuen. Dena dela, bide hori nola eta nondik egin zuen zaila da esaten, migrazio-bideak oso konplexuak baitira.

Orain, bide horiei buruz zerbait gehiago jakiteko, landare baten hedapenari jarraitzea proposatu dute New Yorkeko lorategi botanikoko ikertzaile batzuek. Botanikoen arabera, Artocarpus altilis landarea gizakiak eraman zuen berarekin uharte batetik bestera. Beraz, landare hori non eta noiz agertu zen aztertuta, gizakiaren mugimenduak igar daitezke.

Landareak meloi-itxurako fruitu bat ematen du eta Pazifikotik Kariberainoko uharteetan hazten da gaur egun. Landare horren ibilbidea zein izan den argitu ahal izateko, azterketa genetikoak erabiliko dituzte zientzialariek, barietate ezberdinen geneak zein landaretan agertzen diren jakitea nondik-norakoen aztarna izan daitekeelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia