}

Pavlov, Ivan Petrovitx

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1849-1936)

Fisiologo errusiar ospetsu hau Riazanen jaio zen 1849an. Bere familian apaiz asko zegoenez gero, Ivan gaztea erlijio-ikasketetara bultzatzen ahalegindu ziren. Seminarioan ikasle zen artean natur zientzietarako etorria nabarmendu zitzaionean. Seminarioa utzi eta 1870ean San Petersburg-eko Unibertsitatera sartu zen, Mendeleiev eta Butlerov izan zituelarik irakasle. Medikuntz Eskola Militarrean doktoratu zen 1883an eta 1886. urtera arte Alemanian osatu zituen goi-mailako ikasketak.

Langile sutsua izan zen Pavlov, intuizio handiko pertsona, behatzaile porrokatua eta oroimen izugarrikoa. Bere jarraitzaile batzuk esan zutenez, oroimena lantzeko tximeleta eta belarren izenak ikasten zituen eta bere bizialdian zehar bilketa-lan eskerga egin zuen.

Pavloven aurretik fisiologiaren azterketa atalez atal burutzen zen, baina metodo horrek ezinezkoa egiten zuen prozesu fisiologikoen iharduera dinamikoa aztertzea. Pavlovek "esperimentu kroniko" deituriko metodoa sortu zuen: ikerketak denbora luzez burutzen ziren, lesionatu gabeko edota aurrez operaturiko animaliengan. Era horretara zientzia berri bat sortu zuen: fisiologia sintetizatua edo organismo osoaren fisiologia.

1878az geroztik Pavlovek odol-zirkulazioaren eta liseriketaren fisiologiaren ikerketak eta erreflexuaren teoriak biribildu zituen. Organoen eta sistemen azterketari nerbio-sistemaren zereginetan oinarrituz ekin zion. Printzipio horri esker aztertu zuen entzefaloa, hots, nerbio-sistemaren zentrua.

Garai hartako lan nagusiak bihotzeko nerbio zentripetuekin erlazionaturik daude. Bihotz-uzkurdurak areagotzen dituen nerbio zehatza aurkitu zuen. Horrez landa, organo eta ehunen trofismoa nerbio-erregulazioan zegoela baieztatu zuen.

Bestalde, birikek substantzia antigatzatzaileak dituztela uste izan zuen. Urte asko pasatu ondoren, Pavloven aurkikuntza baieztatu egin zen. Biriketatik heparina atera zen, gaur egun tronbosien aurka asko erabiltzen dena.

Zientziari ekarpen handia egin zion bestalde, liseri-entzimen mota jakin bat aurkitzeak, horrek entzimologiaren ikuspegi berri bati hasiera eman baitzion.

XX. mendearen atarian Pavlovek entzefaloaren ikerketari heldu zion. Ordura arte fisiologian erreflexu ez-baldintzatuak bakarrik aztertzen ziren, baldintzatuez psikologoak arduratzen baitziren. Pavlov izan zen erreflexu baldintzatua ezagutza zientifikorako metodo bihurtu zuena.

1903an Madrilen egin zen Nazioarteko Medikuntz Kongresuan aurkeztu zuen erreflexu baldintzatuei buruzko txostena. Bere hitzaldiak lehergailu baten eztandak sorrarazten duen sentsazioa eragin zuen bertan bildutakoengan, psikea metodo fisiologikoen bidez nola azter zitekeen ez baitzuten ulertu. Pavlovek urte asko eman zituen erreflexu baldintzatuen ezaugarriak aztertzen eta erreflexu hori entzefaloaren funtzionamenduaren oinarrizko printzipioa dela adierazi zuen.

Pavloven ekarpena izugarri zabala da. 1904an Nobel Saria eman zioten, sari hori jaso zuen lehen zientzilaria izanik. Hogeitabi zientzi akademitako partaide izan zen eta hainbat elkarte zientifikoetan ohorezko partaide ere izendatu zuten.

1935ean burutu zen Munduko XV. Fisiologi Kongresuan "munduko fisiologen dekano" izendatu zuten.

Bere bizialdian zehar egindako lanen onespena jasoa zuen beraz, 1936an herio San Petersburg-era bila joan zitzaionean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia