Pauma arren isats luzea, modatik joana

Tokioko Unibertsitatean egindako azterketa baten arabera, emeak isatsaren bidez erakartzeko gaitasuna galdu dute pauma arrek.

Pauma arren isatsa haien gorputza baino luzeagoa da, eta neurriz gaineko apaingarriak ditu. Arrak energia handia inbertitu behar izaten du itxuraz ezertan laguntzen ez dion zerbaitean. Eta, hala ere, ar guztiek izugarrizko isats luzea dute.

Aspalditik eman dioten azalpena da sexu-hautespenaren ondorioz garatutako ezaugarria dela, alegia, pauma emeek isats luze eta apainduak gustuko dituztelako aukeratzen dutela bikotekidea.

Teoria hori baieztatzeko asmoz, paumen arteko 268 estalketa behatu zituen Tokioko Unibertsitatean animalien portaera aztertzen duen talde batek. Eta, espero zutenaren kontra, ikusi zuten emeek ez zutela ezaugarri jakin bat bilatzen estaltzeko aukeratzen zuten pauman.

Hori ikusita, saiatu dira azaltzen zergatik garatu duten arrek horrelako isats luzea. Uste dutenez, garai batean bai, emeek garrantzia ematen zioten arren isatsaren itxurari, baina, orain, modatik joan den ezaugarri bilakatu da, nonbait.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali