Papagaitxoek eta gizakiek antzeko eremuak dituzte garunean bokalizazioei lotuta, antzeko funtzionamenduarekin
2025/03/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Papagaitxo edo perikitoekin egindako azterketa batek agerian jarri du hegazti horiek eta gizakiek, bokalizazioekin lotuta, antzeko eremuak dituztela garunean eta antzeko mekanismoak erabiltzen dituztela. Horrenbestez, papagaitxoak egokiak izan daitezke komunikazio-arazoak ikertzeko, esaterako, iktus baten ondorioz ager daitezkeenak.
Langone ospitalean egin dute ikerketa (New York). Ikertzaileek gogorarazi dutenez, gizakiak dira hitz egiteko gaitasuna duten animalia bakarrak. Baina beste zenbait animaliak ere gai dira bokalizazio konplexuak egiteko. Horien artean, papagaitxoak nabarmentzen dira, kontrol eta malgutasun handia lortzen baitute, eta bokalizazio-sorta zabala sortu. Horrek pentsarazi zien ikertzaileei, bokalizazioen atzean, errepresentazio neuronal berdina edo antzekoa izan zezaketela papagaitxoek eta gizakiek.
Eta horixe frogatu dute ikerketan. Nature aldizkarian eman dute argitara, eta izenburuan bertan aipatu dute konbergentzia ebolutiboaren adibide bat dela. Zehaztu dutenez, arcopallium anterior izeneko eremuaren erdiko nukleoa erabiltzen dute bokalizazioak egiteko. Eremu hori siringearekin konektatuta dago, hau da, hegaztien organo bokala, eta, horren bidez, bokalizazio-sorta zabala sortzeko gai dira. Gizakian izan ezik, ez dute halakorik topatu beste inongo espezietan.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia