}

Pankreasen transplanteak

1994/06/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Glukosa edo azukrea metabolizatzeko behar dugun intsulina sabelaren sakonean dugun pankreas izeneko errai batek jariatzen du. Behar adina intsulina sortzeko gai ez denean diabete izeneko eritasuna agertzen da, odoleko glukosa-mailak gora egiten du eta gorputzeko zenbait errai eta kokapenetan kalteak sortzen ditu (giltzurrunetan, bihotzean, begietan etab.etan).

Diabetearen tratatzeko zenbait botika erabili daiteke eta horietako bat intsulina egunero ziztatzeko moduan ere saltzen da, baina oraingoan pankreasen transplanteari buruz hitz egingo dizuegu, "Lancet" aldizkaritik hartutako datuak erabiliz. 1967an Kelly-k transplantea eraginkorra izan zitekeela frogatu zuenetik, ospitale askotara zabaldu da teknika hori erabiltzeko aukera. Azken 15 urteetan 4.000tik gora transplante egin dira; % 70, 1987az gero.

Diabetea tratatzeko era bat baino gehiago dago, eta horietako bat intsulina egunero ziztatzea da.

Pankreasen transplanteari esker gaixoa egunero intsulina ziztatu beharretik libra dezakegu, baina transplantearen porrota saihesteko beharrezkoa izaten da tratamendu inmunosupresorea eta normalean horretarako erabiltzen diren hiru medikamentuek ere nahi ez diren efektuak sortzen dituzte: azatioprinak hezur-muina kaltetzen du, ziklosporinak giltzurrunei erasan diezaieke eta esteroideak odoljario gastrointestinalak sor ditzake.

Ulergarria da diabetiko batek egunero botika bat hartu behar izatetik libre izatea amesten duela, baina botika horrekin bere diabetea kontrolpean baldin badauka, ezin dugu lehen aipatutako arriskutan sartu. Bestalde intsulina behar den moduan hartuta ere diabetea kontrolatu ezin baldin bada, beste alternatiba bat eskaini behar zaio gaixo horri. Beraz, noiz eskaini behar zaio transplantearen aukera diabetikoari?

Begietako erretinopatia duten gaixoetan honakoa ikusi da: bere egoera berdintsua izaten da 3 urte pasatu ondoren, transplantea egin eta ondo irten diren kasuetan gaizki irten diren kasuekin konparatuz. Erretinopatia garatua duten kasuetan, tratamendua laserrezko fotokoagulazioa da eta transplantea ez da irtenbidea.

Erretinopatia oraindik garatu gabeko kasuetan, ikerketa egin beharko litzateke intsulina edo transplantea hobea den ikusteko. Diabeteak nerbioetan sortzen dituen kalteek hobera egin dezakete transplantearekin. Muskuluetako indarrak, sentikortasun ezberdinak eta funtzio autonomikoak neurri batean berreskura daitezke transplantea arrakastatsua denean.

Pankreasko transplantearen ondoren giltzurrunen funtzioak okerrera egiten du lehen urtean eta ondoren egonkortu egiten da. Kalte hori ziklosporinaren toxikotasunaren ondorioa dela uste da. Transplantea egin zenetik 5 urtera giltzurrunetako biopsia bat eginez aztertzen baldin badira eta intsulinarekin 5 urtez tratatutako beste gaixoei egindako biopsiekin konparatzen baldin badira, ez da irabazirik izaten. Beraz giltzurrunetako funtzioa hobetzeko asmoz ezin da pankreasko transplantea defendatu.

Dena dela 10 urteko epea igaro ondoren berriro aztertzea komeniko da, epe luzera diferentziarik izaten den ala ez ikusteko. Arterietako zirkulazioan diabeteak sortzen dituen kalteak hobetzeko transplanteak dituen posibilitateak ez dira ondo aztertu eta datuak argitaratzen diren arte ezin da ezer aurreratu.

Nazioarteko Erregistro bateko datuak erabiliz, Estatu Batuetan 1992rarte egindako 2.103 trasplanteetatik 1, 2 eta 3 urtera % 71, % 66 eta % 59 ziren hurrenez hurren oraindik funtzionatzen zutenak.

Datu hauek guztiak kontutan hartuta gaur egun ezin da pankreasen transplantea defendatu. Salbuespen bakarra intsulinarekin ezin kontrola daitekeen gaixoa, eta ondorioz bere bizia arriskuan duena, izan daiteke. Guztia alda daiteke transplantearen emaitza hobetzen bada, tratamendu inmunusupresore seguruagoak aurkitzen baldin badira eta diabetearen ondorio kaltegarrietan transplantea eraginkorragoa dela frogatzen bada.

Egoera oso ezberdina da diabetearen ondorioz giltzurrunak gutxiegitasun sakona dutenean, hau da, bizirik irauteko dialisia behar denean. Kasu honetan giltzurrunaren eta pankreasen transplante bateratua egin daiteke. Gainera, ez dakizkigun arrazoiak medio, pankreasen biziraupena hobea da errai hori bakarrik transplantatu denean baino (% 75eko biziraupena urtebetera). Hala ere transplante bikoitzari dagokionez galdera asko gelditzen da erantzuteke eta beharrezkoa da transplante bikoitza giltzurruneko transplante soilarekin konparatuko duen ikerketa ona egitea.

Ikerketa horretan kontutan hartu beharreko puntuak hauek lirateke: pazientearen bizi kalitatea, transplante bikoitzen ospitalizazioa luzeagoa dela eta lehen urtean ospitaleratze gehiago eragiten dituela, 45 urtetik gorakoetan hilkortasun handia duela, kostu ekonomiko handiagoa duela. Ezin da ahaztu gaur egun, transplante bikoitzarekin alderatuz, giltzurrun-emailea bizirik dagoen senidea baldin bada giltzurrunaren biziraupena luzeagoa dela. Hala ere, neurtu beharreko puntu garrantzitsuena pazientearen biziraupena izango litzateke.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi pankreasko irlatxoen transplantea. Intsulina sortzen duten pankreasko zatiei irlatxo pankreatiko deitzen diegu eta errai osoa transplantatu beharrean zatitxo horiek transplantatzeko saioak egin dira. Teknika honen arazo handiena honakoa da: errefusatu egiten direla, eta ikerketa askoren helburua arazo hori nolabait gainditzea da. Etorkizunean bide honetatik lor daitezke emaitza onenak, pankreas osoaren transplanteak sortzen dituen arrisku asko saihesten dituelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia