}

Paleolitoko zintzilikario batetik, erabiltzailearen genoma erauztea lortu dute

2023/05/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

paleolitoko-zintzilikario-batetik-erabiltzailearen
Zerbido-ortzaz egindako zintzilikarioa ezkerrean, eta irudikapen artistikoa eskuinean. Arg. Max Planck Institute for Evolutionary Anthropology/Myrthe Lucas

Zenbait objektu arkeologikoetatik DNA erauzteko metodo ez-suntsitzaile bat garatu dute Anatomia Ebolutiboko Max Planck Institutuan.Izan ere, hezurrez edo hortzez egindako tresnak porotsuak direnez, erabitzailearen izerdia, odola edo listua izan dezakete. Bada, metodo horrekin, erabiltzailearen genoma erauzi daiteke halako tresnetatik, lagina suntsitu gabe. Horrek informazio baliotsua eskuratzeko aukera ematen du.

Horren adibide bat argitaratu dute Nature aldizkarian: Denisova haitzulan aurkitutako zerbido-hortzeko zintzilikario batetik, uapiti baten (orein antzeko baten) eta antzinako gizaki baten DNA berreskuratzea lortu dute, metodo hori erabilita.

Ikertzaileek azaldu dutenez, objektuari berari eta DNAri kalterik ez egiteko, objektua sodio fosfatozko disoluzio batean sartu, eta tenperatura pixkanaka igotzen joaten dira. Horrela, hortz edo hezur zaharrean harrapatutako DNA disoluzioan askatzen da, eta ondoren sekuentziatzeko eta aztertzeko aukera ematen du, baita datazioa egitekoa ere, radiokarbonoaren probaren bitartez.

Horren bidez jakin dute 19000-25000 urte zituztela. Erabiltzailea emakume bat zela zehaztu dute, eta haren ezaugarri genetikoek antzekotasuna dutela Siberian ekialdeago bizi zen beste talde batekoenekin.

Ikerketarekin, egileek baieztatu dute metodoa baliagarria dela objektuetatik erabiltzailea ezagutzeko, eta ondorioztatu tresna baliagarria dela aztarna kulturalak eta genetikoak erlazionatzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia