}

Ozono-zuloa inoiz baino handiagoa

1998/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ozono-geruzari etengabe beha dauden Nasaren sateliteek neurtu dutenaren arabera, Antartikaren gaineko ozono-geruzaren urritzea 1980ko hamarkadaren hasieran neurtu zen urritzeaz geroztik izan den zabalena da.Sateliteek erakutsi dutenez, aurtengo ozono-geruzaren urritzeak, abuztutik urrira bitartean neurtua, 27,3 milioi kilometro koadroko hedadura du. Orain arte neurtutako urritzearen hedadurarik handiena 26 milioi kilometroko koadrokoa zen, 1996ko irailean behatua. Hedaduraz gainera, geruzaren urritzea orain arte behatutako handienetakoa da, hau da, "ozono-zuloa" zabalaz gainera sakona da: irailaren 30ean ozono-maila 90 Dobson unitatera jaitsi zen, orain arteko errekorretik oso gertu dagoena (errekorra 88 Dobson unitatekoa da, 1994ko irailaren 28an behatua Antartikan).

Zientzialariek, hala ere, ez dute uste ozono-zuloa hazten ari denik, badakitelako urritzea estratosferan dagoen tenperatura hotzaren ondorioa dela, nahiz eta aurten tenperatura zergatik den hotzagoa ez dakiten. Urtetik urtera ozono-zuloan gertatzen den zabalera eta sakoneraren aldaketa egoera meteorologikoaren gorabeherei lotuta dago eta, aurten, hego hemisferioko latitude ertainetan eta polarretan ohikoa baino tenperatura hotzagoa dago (5-9 °F-koa) eta horren ondorioz atmosferan dauden kloro-konposatuak, ozono-maila jaitsarazten dutenak, aktibatu egiten dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia