}

Oxigeno gehiegi fetuarentzat kaltegarri

2000/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bizidunentzat oxigenoa ezinbestekoa den arren, garatzen ari den fetuarentzat hilgarria izan daitekeela adierazi du Londresko Imperial College-ko ikertzaile-talde batek.

Ikertzaileek haurdunaldiko lehen hiru hilabeteetan plazentan dagoen oxigeno-maila neurtu dute. 30 emakumeren plazentetan monitore txiki bat ipini dute eta haurdunaldiaren 8. eta 15. asten bitartean zilborrestetik igarotako odolaren oxigeno-maila asko handitzen zela ikusi zuten.

Ikertzaileen ustez, emaitza horiek haurdunaldian bi fase daudela egiaztatzen dute. Lehen hiruhilabetekoan oxigeno-kontzentrazio txikia dago plazentan, fetuak hori behar baitu garatu ahal izateko. Ondoren oxigeno-maila azkar handiagotzen da. Ikertzaileen ustez, aldaketa bortitz hori nahigabeko abortuen eragileetako bat izan liteke.

Bestalde, Londresko ikertzaileak arriskuari aurre egiteko bideak aurkitu nahian dabiltza. Fetua babesteko bide bat bitamina antioxidatzaileak hartzea izan liteke, konposatuok oxigenoak sortutako erradikal askeak suntsitzen baitituzte. Hala ere, oraingoz ez dago hori baieztatzen duen probarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia