}

Osteoporosia, isileko izurritea

1995/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Osteoporosia, beste izen batzuez “isileko izurritea” edota zenbait epidemiologoren ahotik “XXI. mendeko izurria” bezala bataiatua, arazo latza da, edozein ikuspegitatik aztertzen dela ere. Espainian bakarrik 3,5 milioi pertsonatik gora daude gaitz horrek jota, eta beraz osasun publikoarentzat arazoa ezin larriagoa da.

Bestalde, gaixotasunaren joera gorantzakoa da, bizi-itxaropenak gora egitearekin batera osteoporosiak jotako pertsonen kopuruak ere gora egiten duelako: horrela, hamar urte baino lehen, menopausia pasatu duten emakumeetatik erdiak, eta 75 urtetik gorako pertsonen % 50 osteoporosiak jota egongo direla esan dezakegu. Hala ere, jan-neurri egoki batek eta batez ere kaltziotan aberatsak, egoera arras alda dezake.

Osteoporosiaren prebalentzia

Osteoporosia da gaixotasun metabolikorik usuena mendebaldeko gizarteetan, hezurrean erresortzio eta formazioko prozesuen artean desoreka bat gertatzean agertzen dena. Desoreka horren ondorioz, hezurrean masa-galera gertatzen da. Bizitzaren lehen fasean, kaltzioak hezurra osatzen eta handitzen laguntzen du. Ondoren, pertsonaren helduaroan, kaltzioak hezurraren oreka mantendu eta bultzatzen du, eta azkenik, zahartzaroan, hezurra birzurgatzen duten zelulak osatzen dutenak baino aktiboagoak direnean, kaltzioak hezurraren masa-galera ordezkatzen du. Hezurra egitura bizia da, matrize organiko batek osatua, eta horren gainean jalkitzen dira kaltzioa, fosfatoak eta hainbat mineral. Hezur-masaren galerak ez dakar gorputzaren euste-sistemaren ahultzea bakarrik, baizik eta hain beharrezkoak diren mineralen galera.

Gaur egun, menopausi-osteko emakumezkoen % 50 eta 75 urtetik gorako pertsonen (gizonezko nahiz emakumezkoen) erdia osteoporosiak jota daudela pentsatzen dugu.

Eta osteoporosia bi talde handitan banatzen da:

  • Osteoporosi primarioa batetik. Honetan, ez dago arrazoi jakinik edo gaixotasun kausalik (hemen sartuko lirateke menopausi-osteko osteoporosia eta zahartzarokoa).
  • Osteoporosi sekundarioa, berriz, eragile edo gaixotasun jakin batek sortua da, eta gaixotasun berezi bat baino gehiago, koadro klinikoaren osagai bat gehiago izango litzateke.

Osteoporosia baldintzatzen duten faktoreak

Osteoporosiaren agerpena errazten duten faktore indibidualak asko dira: arraza zuria, adina, sexua (emakumezkoetan gehiago), nutrizioaren ingurukoak, alterazio hormonalak, eta baita ingurugiroarekin zerikusia dutenak ere (eguzki-esposizio eskasa, edota ariketa fisikorik eza). Badira beste arrisku-faktore batzuk ere: erdigabetasuna (emakumezkoetan, noski), menopausia goiztiarra edo estrogenoen falta, familian osteoporosi-aurrekinak egotea, gorputzeko pisu-eskasa, eta tabakismoa edo alkoholismoa.

Prebentziorik ba ote dago?

Eguneroko kaltzio-beharrizanak betetzeko –beti ere pertsona bakoitzaren adina eta egoera kontutan hartuz– derrigorrezkoa da zenbait ohitura aldatzea.

Orain arteko panorama iluna baldin bazen, gaur egun badira hainbat neurri sinple eta erraz, hezurraren osasuna mantendu eta osteoporosia ebitatzen lagun diezaguketenak. Prebentzio-neurri horiek haurtzaroan edo gaztaroan hasi behar lukete, bizitza osoan jarraitzeko. Jan-neurri kaltzioan aberatsa eta ariketa fisikoa erregularki egitea, horra hor funtsean prebentzioaren giltza. Ibiltzea, lasterka egitea, edota tenisean aritzea edo dantza egitea oso garrantzitsuak dira gaztetan hezur-egitura egoki bat eraikitzeko eta bizitza osoan zehar hezurraren osasuna maila onean mantentzeko. Alkohola eta tabakoa, neurrian kontsumitzea ere garrantzi handikoa da prebentzioan.

Estrogenoekin egindako tratamendua probetxuzkoa izan daiteke osteoporosia garatzeko arriskuan dauden zenbait emakume post-menopausikotan. Eta estrogenoak kontraegokituak baldin badaude beste botika batzuk, kaltzitomina esate baterako, erabilgarriak dira hezur-masaren galerari aurre egiteko eta baita martxan dagoen osteoporosia tratatzeko.

Hirugarren adineko pertsonen kasuan komeni da hainbat neurri hartzea, hausturak ekar ditzaketen erorketak ebitatzeko. Etxea seguruago bihurtu beharra dago, alfonbrak bidetik kenduz eta labaindu edo irristatu ez daitezen bideak jarriz: eskailera eta bainuontzietan heldulekuak jarri, argikontra-sistema hobetu, etab. Ikusmena eta entzumena noizean behin kontrolatzea ere oso garrantzitsua da erorikoak ebitatzeko.

Baina aurreko neurri guztiak gutxietsi gabe, jan-neurriak hartzen du funtsezko lekua prebentzioan. Eta oro har esan daiteke pertsona batek egunero-egunero kaltzio-gramo bat behar duela; gramo-erdia urtebete egin gabe dauden haurtxoek eta 1.500 miligramo, berriz, 60 urtetik gorakoek. Baina adoleszenteek, emakume haurdunek eta bularra ematen ari direnek 1.200 miligramotik gora hartu behar dute egunero.

Zer hartu behar da?

Esnekietan aberatsa den jan-neurria –izozkiak barne direla– zenbait arrain, barazki eta lekaleak, eta fruitu lehorrak: horra hor kaltzio-iturri errazak, eta ez garestiak.

Eguneroko kaltzio-beharrizanak betetzeko –beti ere pertsona bakoitzaren adina eta egoera kontutan hartuz– derrigorrezkoa da zenbait ohitura aldatzea.

Lehen aipatutako gramo hori ez da zaila lortzen, kontutan hartzen badugu, adibidez, 100 g sardinak 300 mg kaltzio ematen digutela (eta oliotan badaude 400 mg). Gauza bera ekartzen digu azaburuak (100 gramoko razio batek). Gazta onduak edo erdi-onduak ere kaltzio asko ematen digu (100 g gaztak ia 800 mg kaltzio) eta postrearen ondotik esne katilukada batek (ezti-pixka batekin edo txokolate-hautsarekin are gehiago) beste 300 mg kaltzio. Eginak daude (eta soberan) egun osoko 1.000 miligramoak.

Eta kaltzioan aberatsak diren janariak (ikus taula) ez daude haserre lirain egotearekin. Azeitunak edo olibak izan ezik, beste janari guztiak (baita kakaoa eta fruitu lehorrak ere) ez dute kalori asko.

Eguneroko kaltzio-beharrizanak betetzeko –beti ere pertsona bakoitzaren adina eta egoera kontutan hartuz– derrigorrezkoa da zenbait ohitura aldatzea, bai osteoporosiaren prebentzioari begira eta baita osteoporosiarekin batera bizi ahal izateko ere.

  • Ume txikiak esne osoa hartu behar luke (ez esne desnatatua), kakaoarekin (Cola Cao modukoak, hobeto ulertzeko), eta batido edo iragazkiak, etxean eginak edo enbasatuak, freskagarrien ordez.
  • Adoleszenteak kaltzioaren kontsumoa gehitu egin behar du, normalean ez baita oso ugaria izaten bere eguneroko otorduetan. Baina horrek ez du esan nahi gustuko dituen jakiak baztertu behar dituenik: nahikoa du entsalada, pasta edo hanburgesei gazta eranstea, eta izozkiak, jogurra edo esnekiak gehiago jatea. Adoleszenteek (eta neskek bereziki) esne desnatatua har dezakete, kaltzio proportzio handia baitauka.
  • Emakume gazteak ere oso kezkatuak egoten dira beren kiloekin eta arrazoi batengatik edo bestearengatik behar luketenaren kaltzio-erdia hartzen dute. Berriro ere azpimarratu beharra dago kaloria gutxiko jaki asko direla kaltzio-edukin handikoak: gazta entsalada eta pastekin, esneki desnatatuak, etab.
  • Emakume post-menopausikoetan, estrogenoen produkzioa geratu egiten da, eta gernuan kaltzio gehiago kanporatzen denez, osteoporosia jasateko arrisku bizian daude. Horregatik komeni da adin honetan esnea (osoa, erdi-desnatatua edo desnatatua, hutsik edota kakaoarekin), esnekiak, jogurrak edo izozkiak kontsumitzea. Ez da ahaztu behar, noski, jan-neurrian barazkiak, fruitu lehorrak, arrain-kontserbak, arrain txikitxoak (arantza eta guzti, esate baterako antxoak edo bokartak, kaltzioa hezurrean kokatzen baita gehienbat).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia