Orain arteko metano-kontzentraziorik handiena neurtu dute Marteren atmosferan
2019/06/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASAren Curiosity ibilgailuak orain arteko metano-kontzentraziorik handiena neurtu du, SAM tresnaren laser-espektrometroaren bitartez: 21 ppbv. Curiosityk sarritan detektatu du metanoa; neurketa horietan oinarrituta, badirudi kontzentrazioa handitu eta txikitu egiten dela, denboraldika. Tarteka, ezohiko kontzentrazioak ere neurtu ditu, baina oraindik ez dakite zenbat irauten duten eta aldizkakoak ote diren, ala salbuespenak.
Oraingoan ere, ez dute datu gehiagorik jakiteko ohiz kanpokoa ote den, ezta zerk sortua den ere. Azken galdera hori gako da, metanoa bizidunek sortua izan baitaiteke, baina baita arroken eta uraren arteko erreakzioen ondorioz ere.
NASAk jakinarazi duenez, denbora behar du datu gehiago biltzeko eta neurketa guztiak ondo analizatzeko. Horrez gain, ESAren TGO (Trace Gas Orbiter) zundaren datuak ere aztertu nahi dituzte; hain zuzen, itxaropena dute Marteren azalean eta orbitan jasotako neurketak konbinatzeak aukera emango diela jakiteko zein den metano-iturria eta zer bilakaera duen gas horrek atmosferan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia