Ongarri fosfatatuak
1988/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kanadako nekazal zientzilari batzuek Penicilium bilaji izeneko onddo naturala isolatu dute. Onddo honek fosfatoak disolbagarri bihurtzen ditu eta landareek errazago zurga ditzakete.
Nekazariek erabiltzen dituzten ongarriek nitratoak eta fosfatoak izaten dituzte, baina nekazariek landareek behar dutena baino 10 aldiz ongarri gehiago erabili behar izaten dute. Fosfatoa lurrean dagoenean disolbaezin bilakatzen da zoruan dauden kaltzio, burdin eta aluminio-ioiekin erreakzionatuz.
Fosfatoa disolbagarri egiten duten mikroorganismoak ezagutzen dira, baina ez dute bilajik bezain azkar lan egiten. Penizilina honek gainera, ez du zoruan bizitzen irauteko arazorik izaten. Fosfato artifizialak disolbagarri bihurtzeaz gain, naturalak ere disolbatzen ditu.
Azken ezaugarri hau oso erabilgarria izan daiteke herri azpigaratu askotan. Malawi-n esaterako, fosfato natural asko dago, baina disolbagarri bihurtu gabe ezin dira erabili.
Disolbagarritze-prozesua herri garatuetan egiten da eta Malawik fosfato tratatuak inportatu egin behar ditu. Penicilium bilaji lizuna erabiltzea oso mesedegarri izango litzateke Malawi eta antzeko herrien ekonomiarentzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia