Olioa zerutik ikusia
2002/11/21 Elhuyar Zientzia
Prestige petrolio-ontziak istripua izan eta hondoratu egin dela ez da berria. Petrolio-ontzitik fuel-olio litro ugari isuri dela eta itsasoan zein kostaldean kalte izugarriak eragin dituela ere ez. Horretaz ondo jabetzeko, ordea, onena hara joatea da. Bestela, telebista zein prentsa idatziko irudiak ikus ditzakegu.
Ikusgai duzuen irudia ere ez da txantxetakoa. Radarsat satelite kanadarrak azaroaren 18an egindako argazkia da. Eta, bai, orban beltzak fuel-olioz estalitako eremuak dira. Izan ere, fuel-olioak itsasoko azala leundu egiten du eta radarrak bidalitako uhinak ez dira satelitera itzultzen, islatu eta espazioan galtzen dira. Horregatik irudian beltz geratzen dira (ezer ez balego bezala). Aitzitik, ur garbia 'latzagoa' da; radarraren uhinetako asko satelitera itzultzen dira eta irudi argia sortzen da. Lurreko koloreak Landsat-eko datuetan oinarrituta lortzen dira.
Eskalaren gainean kostaldean dagoen hiria A Coruña da. Hortik egin kontu orbana zenbatekoa den!
Argazki eta informazio gehiago ESAren web gunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia