Oinez eta bizikletaz, auto elektrikoz baino eraginkorragoa eta onuragarriagoa

2021/08/16 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oinez eta bizikletan ibiltzea askoz ere eraginkorragoa da berotegi-gasak murrizteko, beste edozein ibilgailu baino. Arg. Sam Saunders/CC-BY-SA

Klima-larrialdiari aurre egiteko neurrien artean, konbustio-motordun ibilgailuak elektrikoekin ordezkatzea bultzatzen ari dira hainbat lekutako gobernuak. Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileen arabera, ordea, aldaketa hori ez da eraginkorra: hemendik aurrera ibilgailu berri guztiak elektrikoak izango balira ere, 15-20 urte beharko lirateke auto guztiak ordezkatzeko. Aldiz, oinez eta bizikletan ibiltzea askoz ere eraginkorragoa da berotegi-gasak murrizteko, eta bestelako onurak ere baditu: merkeagoa da, osasungarriagoa, garbiagoa, seguruagoa, eta, maiz, azkarragoa ere izan daiteke.

Baieztapen horiek beste ikertzaile batzuekin batera egindako ikerketa batean oinarritzen dira. Ikerketa horretan, 4.000 pertsonaren mugimenduak aztertu dituzte, bi urtez, Europako zenbait hiritan (Londres, Antwerp, Bartzelona, Viena, Orebro, Erroma eta Zurich). Ikusi dutenez, autoz egiten diren bidaien erdiak 5 km baino gutxiagokoak dira, eta erraz egin daitezke oinez edo bizikletaz. Bizikleta elektrikoekin 10 km edo gehiago ere egin daitezke, eta bereziki lagungarriak dira adinekoentzat edo leku maldatsuetan.

Aldaketak ingurumenean duen eragina nabarmena da: eguneroko bidaiak oinez edo bizikletan egiten dituztenen karbono-oinatza beste era batera mugitzen direnena baino % 84 txikiagoa da. Horrenbestez, agintariek hirietan oinez eta bizikletan ibiltzea errazteko neurriak hartu beharko lituzketela adierazi dute ikertzaileek.

Transportation Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta bat dator urtearen hasieran The Lancet Planetary Health-en plazaratutako beste batekin, non  osasuna politika klimatikoen erdigunean jartzeak milioika bizitza salbatuko lituzkeela aldarrikatu zuten.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia