}

Oharkabean osatutako zooa

2002/01/23 Elhuyar Zientzia

Bere helmugara iritsi ez ziren kontrabandoko kaxa bete papagai, lehoi handi bat eta pitoi suge batetik abiatuta, Tijuanan (Mexiko), ustekabean, zoo bat osatu dute.

Mexikoren eta Estatu Batuen arteko mugan animalia exotikoen trafiko ikaragarria dago, eta horren erakusle da muga-zaindariek bidean atzematen dituzten animalien kopurua. Kopuru hori trafikoaren % 0,45 besterik ez dela jakinda, laster ateratzen dira kontuak.

Baina gaurkoa bestelako kontu bitxia da. 1995ean hasi eta gaurdaino, muga-zaindariek harrapatutako edo jendeak bidean abandonatutako animalia guztiak gordetzeko lekurik ez zutela eta, Morelos parkean uzten joan dira. Urteek aurrera egin ahala gero eta animalia gehiago zuten eta, azkenean, oharkabean zoo bat antolatu dute.

1995ean heldu zen parkera lehen animalia; papagai eder bat. Gaur egun, 46 espezietako 250 animalia dituzte. Ez da zoo ikaragarria, baina ez da marka txarra!

Behin zooa antolatuta, animalien trafikoa salatzeko eta beren habitatetik kanpo zenbat sufritzen duten erakusteko baliatu nahi dute arduradunek egindako lana. Baina, betikoa, horretarako diru asko behar da, eta ikusi egin beharko da animaliok ez ote duten besteek bezala bilduma pribatuetan amaituko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia