Odol-transfusioen segurtasuna bermatzen duen biotxipa
2007/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Progenika Biopharma bioteknologia-enpresak BLOODchip biotxipa aurkeztu du. Biotxip horrek odol-transfusioetan erabiltzeko prestatzen den odola aztertzen du, eta, sortzaileen esanean, egun dagoen erremintarik seguruena eta zehatzena da odol-taldeak genetikoki aztertzeko.
Gaur egun, bi teknika erabiltzen dira odol-transfusioetan gerta daitezkeen bateraezintasunak detektatzeko: metodo serologikoa eta DNAren sekuentziazioa. Teknika serologikoak ahalmen mugatua du, eta ez dio antzematen bateraezintasunen % 3ri. DNAren sekuentziazioak gainditzen du eragozpen hori, baina sistema motela eta garestia da.
Hain zuzen ere, egungo prozesuen desabantailak gainditzeko garatu du BLOODchip Progenikak. Gailu horrek bateraezintasun guztiak hautematen ditu, prozesu analitiko seguruago, azkarrago eta espezifikoago baten bidez, teknika serologikoekin alderatuta. Gainera, DNAren sekuentziazioa baino hogei aldiz merkeagoa da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia