}

Noizko gizonezkoentzako antisorgailu berriak?

2014/04/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azken urteotan hainbatetan iragarri badute ere, oraindik ez da merkaturatu gizonezkoentzako pilula antisorgailua. Ez pilula, ez bestelakorik. Hala, 2014. urtean, bi antisorgailu baino ez daude gizonezkoentzat, kondoiak eta basektomia, eta biek dituzte mugak.

Kondoiek abantaila nabarmenak dituzte: merkeak dira, erabilerrazak, eta neurri handi batean sexu-bidezko gaixotasunetatik babesten dute. Alde txarrak? Ezin da nahi denean erabili (zakila tentetuta dagoenean jarri behar da), ez da % 100 eraginkorra (akats gehienak hausturen edo erabilera okerren ondorio dira), eta batzuek alergia diote latexari (beste material batzuekin egindako kondoiak ere badaude, hala ere). Bestalde, badira kondoia erabiltzeari uko egiten diotenak, arrazoi kulturalengatik edo psikologikoengatik, eta objektua bera begi-bistakoa izateak ez du laguntzen eragozpen horiek gainditzen.

Basektomia, berriz, guztiz eraginkorra da, eta ez da batere nabarmentzen. Alabaina, barrabilak semen-besikularekin lotzen dituen hodi deferenteak mozteko ebakuntza txiki bat egin behar da; ebakuntzaren ondoren, beste antisorgailu bat erabili behar da, semenean espermatozoiderik ez dagoela ziurtatu arte; eta, batez ere, oso zaila da atzera egitea.

Hori guztia aintzat hartuta, ikertzaileek urteak daramatzate gizonezkoentzako antisorgailu berriak sortu nahian. Metodo hormonalekin eta ez-hormonalekin saiatu dira, baina ez batzuk ez besteak ez dira merkatura iritsi.

Hormonalekin, emakumezkoen pilularen funtzionamendua imitatzen saiatu dira. Izan ere, gonaden garapenean eta funtzionamenduan eragiten duten hormonak berberak dira gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Hortaz, barrabiletan testosterona-ekozpena eragozten saiatu izan dira, hormona hori beharrezkoa baita espermatozoideak heltzeko. Proba klinikoetan, ordea, libidoa eta ezaugarri maskulinoak apaltzen zirela ikusi zuten. Albo-ondorio horiek saihesteko, testosteronarekin batera, emakumezkoetan ere erabiltzen diren hormona sintetiko batzuk probatu dituzte, progestinak. Horrekin, badirudi albo-ondoriorik ez dagoela, baina ez dute lortzen hormona horiek piluletan ematea, soilik injekzio, partxe edo inplante bidez.

Ez-hormonaletan, bi bide probatu dituzte. Alde batetik, basektomia itzulgarri baten antzekoa egin dute, hodi deferentea polimero sintetiko batekin blokeatuta. Antza denez, polimero hori erraz jartzen eta kentzen da, eta ez du albo-ondoriorik eragiten. Bestetik, botika sintetikoen bitartez, espermatozoideen garapena oztopatzen saiatu izan dira, adibidez, garapenean ezinbestekoa den entzima bat inhibituta. Eta berriki, bi proteina bloketatuta, orgasmoan eragin gabe eiakulazioa eragoztea lortu dute. Horiek guztiak, ordea, saguetan bakarrik probatu dituzte oraingoz.

Eta, antza denez, ez da erraza izango proba klinikoetara iristea eta haiek gainditzea. Hori uste du, behintzat, Jalees Rehman Illinoisko Unibertsitateko ikertzaileak. Haren esanean, proba klinikoetan parte hartzen duten boluntarioek emakumeek baino gutxiago onartzen dituzte albo-ondorioak (izan ere, pilula antisorgailuak baditu albo-ondorioak, eta ez hutsalak, inondik inora ere, eta, hala ere, baimenduta dago). Horrekin batera,. farmazia-industriak ez du interes berezirik gizonezkoentzako antisorgailuen ikerketak bultzatzeko, eskaera ez baita oso nabarmena. Azkenik, erakunde publikoak ere ez dira horretan inbertitzera behartuta sentitzen. Horrenbestez, Rehman oker ez badago eta egoera aldatu ezean, gaur egungo desoreka konpontzeak luze joko duela dirudi.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia