}

Nitazenoek fentaniloaren krisia okertu dezaketela ohartarazi dute AEBn

2024/12/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

nitazenoek-fentaniloaren-krisia-okertu-dezaketela
Nitazenoen arriskuaz ohartarazi dute. Arg. Cristian C./CC-BY-SA

AEBn beldur dira nitazenoek fentaniloak baino are kalte handiagoa eragingo ote duten. Hain zuzen, arrisku horretaz ohartarazten duen artikulu bat argitaratu du The Lancet aldizkari espezializatuak, eta prebentzio-neurriak hartzeko gomendatu die arduradunei. Izan ere, nitazeno gogorrenak fentaniloa baino 40 aldiz ahaltsuagoak dira. Horrexegatik, ez dira inoiz klinikarako onartuak izan, erraza baita dosi seguru gainditzea. Hala ere, haien kontsumoa hazten ari da, eta, era berean, baita gaindosiek eragindako heriotzak ere: lehen txostenak AEBn 2019an egin ziren, eta, geroztik, 2.000 estatubatuar hil direla kalkulatu dute.  

Nitazenoak hauts, pilula edo likido moduan aurki daitezke, eta beste substantzia batzuekin nahasita: heroina, fentaniloa, benzodiazepinak… Haien aitzindariak Txinan ekoitzen dira, eta Mexikotik barrena iristen dira AEBra. The Lancet-ek azaldu duenez, heroinaren kontsumitzaileentzat garatutako tratamenduak ez dira hain eraginkorrak opioide sintetikoekin; adibidez, fentaniloak askoz desgaitasun handiagoa eragiten du heroinak baino, eta nitazenoek egoera hori okertu dezakete. Fentaniloari aurre egiteko legeek nitazenoen hornidura bultzatu dezakete nahi gabe. Gainera, Donald Trumpen gobernuak atzera bota ditzake azken urteetan droga-mendekotasunari aurre egiteko hartutako neurriak. 

Oraingoz, Trumpek opioideez duen estrategia adikzioaren tratamenduan eta droga hornikuntzaren murrizketan oinarritzen da. 2024ko hauteskunde kanpainan esan zuen babes federala zabalduko ziela aholkularitza-, tratamendu- eta errekuperazio-programei. Legea aplikatzeko neurri zorrotzagoak eta mugako kontrol zorrotzagoak ere agindu ditu, AEBetan opioideen trafikoa gelditzeko. Hala ere, The Lancet-en esanean, adituak beldur dira administrazioak osasun-arloan hartutako beste erabakiak kaltegarriak izango direla drogak kontsumitzen dituzten pertsonentzat.

Bukatzeko, prebentzioa funtsezkoa dela gogorarazi du, eta opioideen krisiaren adierazpena osasun publikoko larrialdi gisa berritzea gomendatu du. Europako Batasunean, EUDA drogen agentziak egiten die jarraipena, eta, azken txostenaren arabera, nahiz eta, oro har, opioide sintetikoek leku txikia duten drogen merkatuan, nitazenoen arriskua handitzen ari dela ohartarazi du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia