}

Neutrino astuna hil da

1994/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1985. urtean hasi ziren neutrino astunaren lehen aipamenak egiten, baina zortzi urteko bizialdiaren ondoren, betirako hil da. Zientzilariek gainera, poz hartu dute behin betirako galdu delako.

1993. urtearen amaieran erabaki da auzia: neutrino astunik ez dago. Morrison zientzilariak dioenez, azkenean metodo zientifikoa atera da irabazle.

Arazo honetan interesgarria da oinarrizko partikulak aztertzeko Genevako CERN laborategian diharduen Douglas Morrison zientzilariak argitaratutako lana.

Neutrinoak, karga elektrikorik eta ia masarik gabeko oinarrizko partikulak dira eta inguruko partikulekin ia inoiz elkarrekintzarik ez dutela esan daiteke. Neutrinoak beraz, Unibertsoko oinarrizko osagaiak dira eta ondorioz fisikariek sakon aztertzen dituzte.

1985.ean John Simpson zientzilari kanadarrak zientzilariei neutrino astuna aurkitu zuela jakinarazi zien. Normalek baino askoz masa handiagoa bide zuen neutrino astunak. Lehen esperimentuetan ordea, neutrino astunik ez zen detektatu. Dena den, 1989 1990.ean beste era bateko emaitzak lortu zirelako neutrino astunaren aldeko ideiak aurrera egin zuen.

1993. urtearen amaieran erabaki da auzia: neutrino astunik ez dago. Morrison zientzilariak dioenez, azkenean metodo zientifikoa atera da irabazle. Izan ere, aldeko eta kontrako arrazoiak talde bateko zein besteko ikerleek zientifikoki aztertu dituzte eta ez dute fusio hotzari buruzko arazoan bezala jokatu. Fusio hotzaren kasuan, zientzilari batzuek (ehunen batek) emaitza positiboen berri ematen dute, baina askotan tresneria hobeaz egindako eta emaitza negatiboak lortu dituzteneko esperientziak ez dira kontutan hartzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia