Nekazaritza biologikoaren erronkak
2001/04/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Biharko Lurraren Elkarteko kideek duela bost bat urte jarri zuten nekazaritza biologikoaren bideragarritasuna eta etorkizuna definitzeko programa martxan. Bost arlotan banatuta dagoen proiektua da eta ekoizpen-mota horren bideragarritasuna, lurraldean txertatzeko gaitasuna, transmisioa, autonomia eta ingurugiroarekiko errespetua neurtu nahi da. Azken finean, hedatzen den arlo guztiek bezala, nekazaritza biologikoari buruz urteetan esandakoa frogatzea komeni da. Oraindik, programaren arlo guztien ikerketa ez dago erabat amaituta, baina ingurugiroan duen eragina behintzat landu da. Lan hori, Frantziako Cemagref institutu nazionalak burutu zuen 1998 eta 1999 artean, baina emaitzek oraindik ere balio dute. Ikerketan, nekazaritza konbentzionala egiten duten 40 etxalde eta nekazaritza biologikoa egiten duten beste 40 etxalde alderatu dituzte.
Manrique Ahurtiko nekazariaren hitzetan "laborariak, oro har, emaitzekin ados badira ere, Cremagref-ek landareak babesteko egiten diren tratamendu-kopurua hartu du soilik aintzat, eta ez tratamenduak egiteko erabiltzen diren produktuek duten inpaktu toxikologikoa eta ekologikoa". Jakina denez, produktu sintetikoek inpaktu toxikologiko eta ekologiko luzeagoa eta, beraz, kaltegarriagoa izaten dute eta xehetasun hori ikerketan ez da agerian gelditu. Nekazaritza biologikoan, pestizida, herbizida eta intsektizidak debekatuta daude eta erabiltzen diren produktuen eragina laburragoa denez, batzuetan tratamendu gehiago egin arren, ingurugiroari egiten zaion kaltea askoz ere txikiagoa da.
Oro har, emaitza onak nekazaritza biologikoarentzat
Nekazaritza biologikoaren helburuak uraren kalitatea ez hondatzea, lurraren emankortasuna mantentzea, biodibertsitatea babestea eta ahal bezain energia-kontsumo gutxien erabiltzea da. Ikerketa honetan arlo horiek denak aztertu dira eta, espero zen bezala, emaitzek ustiaketa biologikoa askoz ere ekologikoagoa dela erakusten dute. Gainera, nekazaritza konbentzionala egiten duten etxaldeetako emaitzak askoz ere heterogeneoagoak dira.
Nekazaritza biologikoa egiten dutenen artean, emaitza onenak barazki-mota desberdinak ekoizten dituzten eta abelazkuntza-mota desberdinetan diharduten etxaldeek ukan zituzten eta txarrenak, berriz, mahats-ekoizleek ukan zituzten. Izan ere, nekazaritza biologikoa egiten duten mahats-ekoizleek kobrearekin eginiko nahaste bat erabiltzen dute mahatsa tratatzeko eta elementu hori elementu astuna denez, emaitzak ez dira onak izan. Hala ere, ikasbidetzat hartu zuten ohar hori eta, gaur egun, tratamendu-kopurua gutxitzeko, estazio meteorologiko propio bat dute. Hartara, mahatsondoetan sortzen den parasitoarentzat baldintza meteorologiko egokiak dauden edo ez ikusten dute, eta tratamendua zinez beharrezkoa denetan soilik egiten dute.
Etorkizuna beltza ala zuria?
Nekazaritza biologikoak fama eta ospe ona hartu du, batez ere, elikadura-industrian izan diren krisietatik lekora eta badirudi merkatua handitzen doala. Aldi berean, laborari gehiago ari dira ekoizpen-sistema honetara bideratzen, eta gero eta jende gehiago animatzen da ekoizpen biologikoak erostera. Hori bai, ezin uka daiteke produktu garestiak direla eta neurri handi batean, oraindik, ahalmen ekonomiko handi samarra dutenek bakarrik eros ditzaketela.
Baina, hori ere, onerako edo txarrerako, aldatuko den ezaugarri bat dela diote merkatua ongi ezagutzen dutenek. Supermerkatuak eta nazioarteko elikadura-industriak ekoizpen-mota horretan interesatzen ari dira eta horiek merkatu horretan sartzearekin batera aldaketa handiak izango dira. Beraien helburu bakarra dirua egitea izango da eta nekazaritza biologikoaren filosofia bazter batera utziko dute. Orain arte nekazaritza biologikora egokitu diren laborariek kontzientzia handia zuten, baina argi dago nahi izanez gero, nekazaritza biologiko-intentsiboa egin daitekeela.
Alde horretatik, nekazaritza biologikoaren aldeko apustua aspaldi egin zutenek kezka berri bat ikusten dute. Manriquek dioenez, "beldur gara nekazaritza biologikoaren filosofia errespetatuko ez duten industrialariak ere ez ote diren bide hau hartzen hasiko. Nekazariaren estrategian ikuspegi ekonomikoa bakarrik hartzen bada kontuan, nekazaritza konbentzionalean gertatu den bezala desbideratze handia pairatzeko arrisku handia egongo da".
Urteetan zehar beraien produktuen kalitatea defenditzeko hainbeste lan egin ondoren, nekazaritza biologikoaren alde lan egin dutenei merezi dituzten fruituak jasotzeko garaia heldu zaie, betiere diruzale porrokatuek merkatua hankaz gora jartzen ez badie behintzat.
Nekazaritza iraunkorra eta errentagarria
Biharko Lurraren Elkartea (BLE) ingurugiroa gehiago errespetatuz iraunkor eta autonomoagoa izango den laborantza sustatzeko sortu zen 1993an. Hasiera batean gutxi baziren ere, gaur egun, 50 bazkide eta bi dinamizatzaile ditu. Oso aktiboak dira eta antolatzen dituzten ikastaroak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak 110 bat laborarik baliatzen dituzte.
Maite Goienetxe BLEko animatzaileak erran digunez, beren helburua nekazaritza autonomo, errentagarri eta iraunkorra garatzeko informatzea eta trebatzea da. Ez dute goizetik gauera laborari guztiak biologikoa egiten hasterik nahi, ezinezkoa baita 40 urtez aurrera eraman duten ekoizpen-sistema alde batera utzi eta bat-batean nekazaritza biologikoa egiten hastea. Hala ere, beraien lanari esker, nekazaritza biologikoa egiten duten laborarien kopurua handitzen ari da. 1993an bizpahiru besterik ez zeuden eta, gaur egun, Iparraldean 31 daude.
Gainera, antolatzen dituzten ikastaroei esker, talde-lana sustatzen dute, ideia-trukaketak bultzatu eta laborari denak ekoizpen-sistema alternatiboak erabiltzen has daitezen.
Adibidez, ardien bazka nagusia belarra izan dadin, ardi-ekoizleak batzea lortu dute. Talde-lanari esker, artoaren erabilera baztertzen ari dira eta Iparraldean falta ez den belarra berriz ere ardien elikagai nagusi bihurtu da. Talde horretan duela hiru urte hasi ziren eta dagoeneko ardi-ekoizle batzuk biologikora pasatu dira. Gisa berean, Irulegiko mahastietan ere nekazaritza biologikoa egitea lortu dute. Mahasti horiek mendian daude eta, hasiera batean arazo batzuk ukan bazituzten ere, Irulegiko mahatsaren % 10 era biologikoan ekoizten da. Maite Goienetxek dioenez, "lurraren eta ekoizpenaren arteko loturak kontuan hartuz egiten dugu lan".
Bestalde, Biolur Nafarroa eta Biolur Gipuzkoa elkarteekin ere elkarlanean ari dira produktuen komertzializazioa, hazi- ekologikoen merkatua eta mahats-ekoizleentzat teknikak hobetzeko. Komertzializazioari dagokionez, aurtengo edo datorren urterako merkatu biologiko bat egiteko asmoa dute.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia