Neandertalen galeraren une jakin bateko erretratua Aranbaltzan

2022/03/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arkeologoak, Aranbaltza II aztarnategian lanean. Arg. Joseba Rios Garaizar et al

Arkeologoek jarraitzen dute ikertzen neandertalen galera. Badakite duela 50.000-40.000 urte gertatu zen prozesu hori konplexua izan zela eta faktore askok eragin zutela, baina ez da erraza orokortasunetik xehetasunetara jaistea, eta prozesuaren une jakin bateko ebidentziak aurkitzea. Alabaina, horixe lortu du Joseba Rios Garaizarrek gidatutako taldeak, Aranbaltza II aztarnategian (Barrika, Bizkaia).

Aranbaltza II berezia da, Paleolitoko Kantaurikoko aztarnategi gehienak kobazuloetan baitaude, eta Aranbaltza, berriz, aire librean baitago. Hura ikertzeak, beraz, aparteko interesa du, neandertalen bizimoduari buruzko bestelako informazioa ematen baitu. Aranbaltza II-k, gainera, inguruan ohikoa den Erdi Paleolitoko harrizko tresneriarekin (Musteriarra) zerikusirik ez duen beste kultura bateko tresnak ditu, Chatelperroniar kulturakoak, hain zuzen ere. Bada, ikertzaileek egindako azterketa kronologikoak erakutsi duenez, gutxienez mila urteko eten bat dago bi kulturen artean.

PLOS ONE aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak, eta aldaketa teknologikoaren azalpena ere eman dute: proposatu dutenez, Aranbaltzan zeuden neandertal-taldeak desagertu egin ziren, eta Akitaniatik etorritako taldeek hartu zuten gero leku hori. Neandertalen galera ulertzeko ikuspegia osatzen du, beraz, Aranbaltzako ikerketak.

Riosen esanean, jakina da Erdi Paleolitoan kultura desberdinetako neandertalak daudela, eta, garai desberdinetan, talde bereiziak bizi direla leku jakinetan. Zaila da, ordea, industriak bereiztea, oso antzekoak izaten baitira elkarren artean. Aranbaltza II-n, ordea, diferentzia oso nabarmena da. “Oso argi ikusten da aurreko teknologiak ez duela jarraipenik, eta Chatelperroniar kulturako tresnak iritsi ziren arte, gutxienez, mila urte igaro zirela. Hortaz, lehen zeuden neandertalak desagertu edo joan egin ziren, eta gerora leku horretan bizi izan zirenak beste nonbaitetik etorri ziren, eta beste kultura bat ekarri zuten beraiekin”.

Hutsuneak gizarte-sarean

Aranbaltza II aztarnategian aurkitutako tresnetako bat. Arg. Joseba Rios et al

Horrenbestez, neandertalen galeraren testuinguruan, “une jakin bateko argazkia” eskaintzen du Aranbaltza II-k, Riosen hitzetan: “Neandertalen galeran faktore ugarik eragin zuten: klimatikoak, demografikoak, gaitzek, kulturak, gizaki modernoaren iritsierak… Aranbaltzan, prozesu horren zati bat aztertzeko aukera izan dugu. Ikusi dugu arazo demografikoak zituztela, eta hutsuneak sortzen direla talde desberdinek osatzen duten sarean. Hala, kanpotik etorritako beste talde batek betetzen du, tarte labur batean, hutsuneetako bat. Baina populazio zabal bat eta sare trinko bat behar dira geneak, ezagutzak eta materialak trukatzeko. Sarean hutsuneak sortzen badira eta taldeak isolatuta geratzen badira, porrota dator”.

Horren adibide argia da Aranbaltza II-ko aztarnategian gertatutakoa, eta horretan datza ikerketa horren garrantzia. Halaber, Riosek uste du beren lana baliagarria izan daitekeela antzeko beste aztarnategi batzuk ere ikuspegi horrekin ikertzeko eta neandertalen galera hobeto ulertzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia