}
Unai Pascual Garcia de Azilu Ingurumen-ekonomialaria

"Naturarekiko harremana galtzeak kalte egin dio giza ongizateari"

2019/10/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ekonomialaria da Unai Pascual Garcia de Azilu, baina, hazkunde ekonomiko eta materialetik harago, gizartearen ongizatean du jarria arreta. Giza ongizaterako ezinbestekotzat jotzen du naturarekiko harremana estutzea, eta ikuspegi hori ekonomiaren bihotzean txertatzeko dihardu lanean, buru-belarri. IPBES txostenean naturaren balioak lantzeko nazioarteko lantaldeko buru da, eta aste honetan jakintza-alor anitzeko 100 aditu bildu ditu Gasteizen, Nazio Batuen Erakundearen izenean. Gizakiok naturarekin dugun harremana ulertzeko gako garrantzitsuak eman dizkigu solasaldi honetan.

naturarekiko-harremana-galtzeak-kalte-egin-dio-giz
Arg. Marisol Ramirez/Argazkipress

IPBES txostenaren barruan, naturaren balioak lantzeko nazioarteko lantaldeko burua zara. Zer egiten du ekonomialari batek naturaren balioak aztertzen?

Ekonomia egunerokoan erabiltzen dugun hitza bada ere, uste dut jendeak ez duela ondo ulertzen haren zentzua zein den. Ekonomia hitzak esan nahi du etxearen kudeaketa. Nola antolatu gizartea dauzkagun baliabide mugatuak kudeatuz, gizartearen ongizatea lortzeko betiere. 

Gaur egun, asko murriztu da gizartearen garapenaren ikuspegia, hazkuntza ekonomikora mugatu arte. Baina hazkuntza ekonomikoak ez du zertan zuzenean positiboki eragin jendearen ongizatean, badaude eragin negatibo pilo bat: kutsadura, klima-aldaketa… Hortaz, ekonomia modu zabalean ulertu behar da, kontuan hartuta natura askoz ere sistema handiagoa dela. Alegia, ekonomia gizartearen mende dago, eta gizartea naturaren mende. Hori da ekonomia ulertzeko nire modua.

Zure ustez, zer oinarri izan beharko lituzke ekonomiak?

Oinarrian ekonomia hitzaren jatorriak egon behar du: etxearen kudeaketa ongizatea babesteko edo handitzeko. Ongizatea modu askotan uler daiteke, baina, azken finean, jendea bere bizitzarekin gustura egotea da, bizitza bete bat izatea. Orduan, galdera da: hazkunde ekonomiko hutsak ematen al digu aukera nahiko genukeen bizitza betea, birtuosoa, izateko, non ondo sentitzen garen gure harremanetan? Jatekoa, edatekoa eta oinarrizko gauzak baditugu, baina, hortik harago, nor bere inguruan eta beste pertsonekiko dituen harremanetan ondo sentitzeaz ari naiz. Gure gizartean, ongizatearen oso kontzepzio murritza eratu dugu: enplegua izatea, bi autoa izatea… 

Nola iritsi gara gure gizartean ekonomiaren hain ikuspegi murritza izatera?

Nire ustez, Bigarren Mundu Gerratik aurrera gertatu zen, izugarrizko beharra izan baitzen hainbat herrialde berreraikitzeko, industria berriro martxan jartzeko… Pobreziak gora egin zuen Europan, eta ekonomikoki haztea beharrezkotzat jo zen ongizate handiagoko gizarte batera pasatzeko. Hor hasi zen benetako metatze-sistema berri bat.

Gero, 1980ko hamarkada oso berezia izan zen: Thatcher eta Reagan bikotearen eskutik, mundu anglosaxoitik, neoliberalismoaren ikuspegia sortu zuten: estatuaren esku-sartze txikiagoa eta negozioak mugitzeko desregulazio ekonomikoa. Hori ez da ekonomia, inposatutako ideologia bat baizik. Baina beste herrialdeek bere egin zuten ideologia hura, eta planeta osora zabaldu zen. Ondorioz, 1970eko hamarkadatik hona, 10 aldiz handitu da nazioarteko merkataritza. Kontuan izan metatze-sistema honetan esponentzialki hazten dela barne-produktu gordina, ez linealki, eta hori mantentzeko esponentzialki hazi direla ustiatutako baliabide naturalen kantitatea eta fluxua, energia barne. 

Hazkunde ekonomikoarekiko eta materialarekiko mendekotasuna ekarri du horrek?

Bai, bai, erabatekoa. Guk sortutako menpekotasun bat da, eta hori da bizi dugun tragedia. Sortu dugun metatze-sistema honetan etengabe hazi behar da barne-produktu gordina; pilatu egin behar da, kapitala inbertitu. Askotan, kapital hori bankuetako maileguetatik dator, eta interes batekin ordaindu behar da. Hortaz, gurpil zoro batean sartuta gaude. Ezin gara hortik atera, eta aldatu ezean, kolapso ekologikora eramango gaitu. Hortik dator ez-jasangarritasunaren ideia. 

Kolapsoaren eragin negatibo zuzenak pairatzen hasi gara, gure sistema ekonomikoa babesteko mundu mailako arazo larriak sortu baititugu: kutsadura, biodibertsitatearen degradazioa, klima-aldaketa… Munduko toki askotan, jada, ez dute nahiko uztarik bizirauteko. Klima-aldaketak eta gure ekonomiak sortutako beste arazoek handitu egin dute herrialde horietan zituzten arazoen dimentsioa. Arazo asko neoliberalismotik eratorriak dira, guk sortuak, Afrikan, Asian eta Erdialdeko Amerikan, eta mendeetan zehar arrastatu dituzte. Baina, orain, klima-aldaketak arazo horien dimentsioa asko handitzea ekarri du, ura falta delako, uztak galtzen ari direlako eta abar. 

Guk, oraingoz, defentsa handiagoak ditugu; kolapsoa hain azkar ez iristeko nolabaiteko partxeak jar ditzakegu, asko inbertitu dugulako azpiegituretan eta teknologian, baina ez ahaztu besteei hartutako baliabideez sortu ditugula babes horiek. Nolanahi ere, bueltan etorriko zaigu sortu dugun arazoa, ihesean gurera datozen etorkinen bidez, borroka geopolitiko etengabeak baitaude gero eta urriagoak diren baliabideen kontrola edukitzeko…

Ikusten al duzu naturarekiko atxikimendu-falta gizartean, gure jokaeran islatzen dena?

Arg. Marisol Ramirez/Argazkipress

Bai, nik hori oso argi ikusten dut. Gizarte hiritarrago eta materialistago bat egiten ari garen heinean, kapitalismo berdearen perspektibarekin lerrokatzen ari da naturarekin erlazionatzeko modua bera; merkatuaren bidez erlazionatzen gara, kontsumitzeko. Kasurik onenean, oso gauza sinpleetara murrizten ari gara naturarekiko harremana: naturaz aisialdian gozatzera, baina telebistan dokumental bat ikusten dugunean bezalaxe, ez gehiago. Hala, kontsumoa ongizaterako bidea izan beharrean, mendeko bihurtu gara. Kontsumoa gizartearen harreman berri bat bezala uler dezakegu gaur egun. Naturarekiko harremana galtzeak berak ekarri du gero eta gehiago hazkuntza ekonomikoaren beharraren gurpil zoroan murgiltzea. Uste dut bi fenomenoak erlazionatuta daudela.

Zoritxarrez, alde batera uzten ari gara naturarekiko harreman ukiezin aberats asko; hain zuzen ere, gure ongizaterako, bizitza bete hori izateko beharrezkoak direnak. “Erlaziozko balore” esaten diegu. Alegia, zuhaitz batek duen balioaz harago, nik zuhaitz horrekin zer harreman dudan baloratzen dut. Pertsonetan bezala: pertsona baloratu beharrean, pertsona horrekin zer harreman dudan baloratzen dut, harremanak zer eskaintzen didan. Nire ustez, funtsezkoa da hori. Paradigma bat da, naturaren balioak ulertzeko beste modu bat. 

Naturarekiko oinarrizko harreman hori galdu dugunez, gure ongizatean galerak hautematen hasi dira jada. Arazo psikologikoak azaltzen dira, batez ere hiriguneei lotuta: depresioak eta bestelako asaldura psikologikoak. Eta ziur naiz naturarekiko harremana galtzen goazen heinean, espezie gisa garatzen ditugun gaixotasunak areagotzen joango direla. Gero eta ebidentzia zientifiko gehiago daude frogatzen dutenak funtsezkoa dela naturarekiko harreman estua izatea. Ongizate psikologiko zein fisikorako. 

Zer beste ekarpen egiten dizkigu naturak, lehengaiez hornitzeaz gainera?

Baliabide naturalek ematen dizkiguten balore instrumental ohikoez gainera, erlazioekin zerikusia duten beste hiru balio-mota aipatuko nituzke. Bata da zaintza. Guk jendea zaintzen dugu, gure gauzak zaintzen ditugu, eta natura ere zaindu egin behar da. Ez da natura polita izan nahi dudanik, ez. Zaintza balio gisa oso garrantzitsua da bizitza betea izateko. Pertsonak zaintzean onura bat jasotzen dugun bezala, natura zaintzeko prozesuan ere onurak jasotzen ditugu. Ondo sentitzen gara hori egiterakoan. Gainera —eta herri indigenek oso barneratuta dute hau—, Ama Lurra zaintzen baduzu, Ama Lurrak zuri ongizatea emango dizu bueltan. Guk, euskaldunok ere, seguru aski barneratuta izan genuen hori, garai batean.

Bigarrena da erantzukizuna. Jendeak esatea “baina nik birziklatu egiten dut”, erantzukizuna ulertzeko oso modu hertsi eta motza da. Erantzukizuna da zer eta zenbat kontsumitzen dudan, nori erosten diodan… Kontziente izatea gure arbasoek utzitako munduarekiko erantzukizuna badugula, eta guk ere beste batzuei eman behar diegula.

Eta hirugarrena da lurraldearen kustodia: aurrekoek utzi diguten altxor horrekiko dagokiguna. Ezin ditugu traizionatu.

Nire ustez, funtsezkoa da oreka bat ezartzea naturak eskaintzen dizkigun balio instrumentalen eta harremanezkoen artean. Uste dut egungo desorekak, natura ustiatzeko moduak, agerian uzten duela gizakiok une honetan dugun desoreka kognitiboa. Arazo larriak sortzen ari gara errealitatea ikusteko dugun moduaren ondorioz. 

Arg. Marisol Ramirez/Argazkipress

Ikusten al duzu naturaren balioak gizartean lantzeko beharrik?

Esparru guztietatik landu beharko litzateke naturarekiko harreman hori, osasuntsu bizitzeko: komunikabideetatik, naturarekiko harremanak zer onura dituen gizarteratzen; hezkuntzatik, umetan sortzen baititugu gure egitura psikologiko eta mentalak, mundua ulertzeko modua. Eskolek gero eta harreman zuzenagoa izan beharko lukete naturarekin, eta umeei esperientzia horiek eskaini. Ez da nahikoa naturaz modu abstraktuan hitz egitea, esperimentaziotik ikasten baitugu, esperientzia pertsonaletik.

Egungo kontsumitzaile sutsuei ere natura esperimentatzeko aukera eskaini behar zaie, ikus dezaten hobeto sentitzen direla. Natura tarteko, giza harremanak berreskuratzen lagundu behar zaie. Kontsumitzearekiko mendekotasun ez-osasuntsu horri irtenbidea emateko aukerak sortu behar dira.

Administraziotik ere landu beharko litzateke, hark baititu baliabideak eta hark lerrokatzen baititu politikak gizartea alde batera edo bestera mugiarazteko. Adibidez, oso positiboa iruditzen zait Gasteizen azken hamarkadetan egin dutena. Inbertsio handiak egin dira han aspalditik espazio berdeak garatzen: eraztun berdea, esaterako. Ez dira espazio eder hutsak; erabiltzeko espazioak dira, sistema ekologiko errealak. Baita gizarte-etxeen eredua ere; ez dago halakorik inguruko hirietan. Hor elikatzen dira jendearen arteko harremanak. Adin guztietako jendea elkartzeko esparruak daude, eta bestela ez liratekee elkartuko. Gasteizek potentzial handia du bizipenak sorrarazteko. 

Gasteizko adibidea hartuta, abiatu nahi dugu ikerketa bat, argitzeko zenbateraino sustatzen dituzten hiri berdeek naturarekiko harremanak eta jendearen arteko harremanak. Nahikoak ote diren benetan gure baitan egituratzeko.

Izan ere, helburua ez da izango denok baserrietara itzultzea, ezta?

Hori da. Errealitatea da gure gizarteak eboluzio bat egin duela. Baterako eboluzio bat gertatu naturaren  eta gizartearen artean. Nik ez dut esaten baserrietan bizitzea hirietan bizitzea baino hobea denik, derrigor. Gauza onak eta txarrak izango ditu. Baina harreman aberats horiek galtzen jarraitzen badugu, nekez lortuko dugu gizarte jasangarri bat. Ekonomia modu osasuntsuan ulertu behar dugu.

Zer ardura izan du zientziak ekonomiaren ikuspegi murritz honetan?

Zientziaren atomizazioak eragin du bakoitzak esparru bakar bati begiratzea, mikroskopioz eta zehatz-mehatz, baina esparru bakar bati. Eta hortik egin ditu ekarpenak. Hori izan da arazoa. Oso eraginkorra izan da gauza batzuetarako, baina benetako arazo sistemiko eta konplexuetarako ez du balio diseinatu dugun zientzia-ereduak.

Adibidez, jasangarritasuna arazo konplexu bat da, eta diziplina arteko kolaborazio handia behar da, semantika berri bat. Eta hain semantika desberdinak ditugu kimikariok, filosofook, biologook, fisikariok… ezen nork bere zientziatik mundu desberdin bat ikusten baitu. Lehentasun desberdinak ditugu. Diziplina arteko kolaborazioa oinarri duen zientzia sortzea da gure erronkarik handienetako bat, arazo konplexuei aurre egin ahal izateko. 

Bestetik, hainbeste garatu denez teknologia eta hainbeste gauzetarako erabiltzen ari garenez, uste dugu arazo guztiak teknologiarekin konponduko ditugula. Teknologiarekiko fede guztiz faltsua sortu dugu, teknologiak eragiten dituen arazoei begiratu gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia