}

NASAko koheteek kerosenoa erabiliko dute

2002/08/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kerosenoa erregai arrunta da, eta gasolina bezainbeste erabiltzen da AEBetan. Koheteetan, berriz, erregai eraginkorragoak erabiltzen dira, hidrogenoa adibidez. Orain, ordea, kerosenoa erreko duten motorrak diseinatzen ari da NASA. Motor berri horiek, orain artekoak ez bezala, ez dira erabilera bakarrekoak izango. Gainera, merkeagoak eta eraginkorragoak ere izango omen dira.

Kerosenozko motorrak ez dira berriak astronautikan; hain zuzen ere, 1969an Apollo espazio-ontzia Ilargira bidali zuten F-1 koheteek kerosenoa erabili zuten. Geroztik motor eta erregai ugari probatu dira, eta oraingoan bigarren belaunaldiko motorrak proposatzen dituzte. Erregaia hasierako bera bada ere, motorretan aldaketa garrantzitsuak izan dira, eta, horri esker, etekin gehiago ateratzen zaio erregaiari.

Motor berriak etapaz etapako errekuntza-zikloa betetzen du, eta lehenengo fasean erabilitako erregaiaren eta oxidatzailearen zati bat berriro erabiltzen du errekuntza-ganbera nagusian. Hartara, erregaiaren etekina handitu egiten da.

Bestetik, errendimendu handiagoa lortzeko, erregaia tenperatura altuagoan erretzen da. Bide batez, errekuntza-ganbera nagusiaren neurria txikiagoa da. Ondorioz, indar propultsatzaile handiagoa lortzen da.

Beste aldaketa batzuk kerosenoaren eraginkortasuna handitzeko asmoz egin dira. Kerosenoa hidrokarburo bat da, eta ez da hidrogenoa bezain eraginkorra. Motorraren tenperatura igo ahala, kerosenoa likatsua bihurtzen da eta azalera itsasten da. Gainera, kerosenoa erretzean, kedarra pilatzen da turbinaren paletan. Hori guztia saihesteko, kerosenoa gehiegi berotzea galarazi behar da, eta, horretarako, hodien eta piten diseinua aldatu dute.

Hidrogenoarekin alderatuta, kerosenoa ez da hotza, eta hori onuragarria da. Propultsio-sistemak ez du isolatzailerik behar, eta horrek ere merkeago bihurtzen du motorra. Gainera, mantentze-lanak oso errazak dira.

Motor berriaren onura handiena, hala ere, berriro erabil daitekeela da. F-1 motorrek, behin erabili eta gero, ez dute ezertarako balio. Kerosenozkoak, berriz, 50-100 aldiz erabili ahalko omen dira. Horrek, noski, ikaragarri merkatzen ditu misioak.

Dena dela, momentuz motor berrien prototipoa besterik ez dago. Arrakasta duten ala ez jakiteko pixka bat itxaron beharko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia