NASAk James Webb teleskopioari izena aldatzea baztertu du.

2021/10/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hubble telespioaren ordezkotzat dute James Webb teleskopioa. Arg: NASA - Arg.

Mila pertsonak baino gehiagok, tartean astronomoek, egindako eskaera baztertuz, James Webb espazio-teleskopioari (JWST) izena ez aldatzea erabaki du NASAk. 

Hubble teleskopioaren ordezkotzat hartzen da teleskopio ahaltsu hori. Aurreikuspenak betetzen badira, abenduan espazioratuko dutei, eta, haren bidez, unibertsoko galaxia zaharrenen argia ikustea espero dute, eta izar urrunak orbitatzen dituzten exoplaneten atmosferak aztertzea, bizitza adierazten duten gasen bila. 

NASAk James Webb deitu zion, 1961-1968 bitartean NASAko arduradun izan zen gobernuko funtzionarioaren omenez, Apollo programa bultzatu baitzuen.

Alabaina, 1950 eta 1960ko hamarkadetan, hainbat langile, gay edo lesbiana izateagatik, kaleratu zituela salatu du talde handi batek. Salaketak 1.200 sinadura baino gehiago biltzen ditu, eta NASAk gaia ikertuko zuela agindu zuen. Orain eman du erabakiaren berri: ez dio izena aldatuko, ez duelako salatzen den portaeraren ebidentziarik aurkitu.

Ikerketaren gardentasun-faltak eta azken erabakiak sinatzaile askoren haserrea piztu du, eta batzuek beren erara deitzea proposatu dute. Adibidez, Nature zientzia-aldizkariak Prescod-Weinstein astrofisikari queerraren aukera aipatu du: Just Wonderful Space Telescope (JWST). Hau da, “espazio teleskopio zoragarri-zoragarria”.