}

Nanoobjektuak mugitzeko tresna berria

2002/04/29 Elhuyar Zientzia

Nanoteknologia hasi berria den zientzia da eta atomo gutxi batzuez osatutako objektuak eta makinak sortzea du helburu. Jadanik lehenengo nanoobjektuak sortzen hasi dira, nanohodiak adibidez.

Orain, Texasko Unibertsitateko ingeniari-talde batek nanoobjektu horiek mugitzeko tresna berria garatu du. Orain arte erabili diren tresnek oso mugimendu gutxi egiteko gaitasuna zuten. Asko jota, ardatz batean mugitzeko edo ardatz baten inguruan birak egiteko gai ziren bakarrik. Aurkeztu berri den tresnak, aldiz, hiru ardatzetan mugitzeko gaitasuna du, baita ardatz bakoitzaren inguruan birak egiteko ere.

Ezaugarri horiek dituen tresna sortzeko, ingeniariek orain arte erabilitako ardatz bakarreko sei tresna elkartu behar izan dituzte. Baina zatiek ez dute elkar ukitzen, indar magnetikoaren bidez mantentzen dira elkartuta; horrela, nanoobjektuak mugitzea zailtzen duen marruskadura ez da agertzen.

Teknologia berri hori telekirurgian erabili ahal izango dela uste dute. Horrelakoetan, zirujaua ebakuntza-gelatik kanpo egoten da, askotan beste ospitale batean, eta emandako aginduak ebakuntza-gelan dagoen errobotak betetzen ditu. Mugitzeko tresna berri horrekin errobota zehazki jar daiteke behar den lekuan, orain arte izandakoa baino zehaztasun handiagoarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia