NanoNeurok nanopartikulak sortuko ditu garunaren funtzionamendua aztertzeko

2021/10/20 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. DIPC

DIPC Donostia International Physics Center eta Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetza baten bidez, neuronak estimulatzeko eta haien jarduera erregistratzeko ikertzaileak hain inbasiboak ez diren tresnak eraikitzen hasi dira, nanomaterialetan oinarrituta. 

Lehendik ere erabiltzen dira nanopartikulak medikuntzan, adibidez, minbiziaren tratamenduan, baina lehen aldiz erabiliko dituzte neurozientzian. 

NanoNeuro deitu diote ildo berriari, eta lehenengo emaitzen berrikuspen bat aurkeztu dute Nature Methods aldizkarian. Artikuluan, egileek azaldu dute nola erabil daitezkeen nanomaterialak, urre-nanopartikulak edo puntu kuantikoak, esaterako, neuronen jarduerak grabatzeko, eta manipulatzeko metodo berriak sortzeko.

DIPCko zuzendari Ricardo Diéz-Muiñoren esanean, Columbia Unibertsitatearekin batera sortutako ikerketa-lerro berri hori epe luzeko ikuspegi baten emaitza da, eta dagoeneko hasia da fruituak ematen.