Elhuyar zientziaren komunikazioa

Nahi bai, baina ezin

2008/10/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Batentzat baino gehiagorentzat, animalia honen berri duen lehenengo aldia izango da, beste batzuei ezaguna egingo zaie izena --desagertzeko zorian dauden espezie-zerrendako bat delako--, bakar batzuek ezagutuko dituzte animalia honen nondik norakoak... eta, bien bitartean, muturluze piriniarrak kinka larrian jarraituko du, bizirik irauteko gero eta zailtasun gehiagorekin.

Nahi bai, baina ezin
2008/10/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: J. González)
Ugaztun txiki bat da muturluzea; boligrafo bat adina luze da (12 zentimetro inguru) eta arrautza baten pisua du (70 bat gramo), gutxi gorabehera. Satorren familiakoa da, satorren uretako lehengusua edo. Mutur luze edo tronpatxo bat dauka, eta horretaz baliatzen da batez ere elikagaia lortzeko, begiak txiki-txikiak baititu.

Berez, gainbehera doan leinu bateko kide bat da muturluze piriniarra, eta Iberiar Penintsularen iparraldean baino ez da bizi gaur egun. Sortu, orain dela 10 milioi urte inguru sortu zen, eta azkeneko goren aldia orain dela 2 milioi urte inguru izan zuen. Garai hartan, muturluze-espezie asko zeuden: batzuk handiagoak ziren, besteak txikiagoak... Pixkanaka, ordea, urrituz eta urrituz joan ziren, eta, orain, familia horretako ordezkari bakarra dugu gure inguruan.

Ibaien iturburuetan bizitzen espezializatu zen denboraren poderioz. Iturburuetara, eta, jakina, iturburuek egoera naturalean izan ohi dituzten kondizioetara. Leku maldatsuak behar ditu, itzaltsuak, ur-jauzi eta putzu txiki ugari dituztenak, kondizio horietan bizi baitira intsektu-larbak, haien elikagaia.

Ibaian larbak egotea behar du, beraz, bizitzeko. Egotea bakarrik ez; muturluzea ez da oso harrapari trebea, eta, horregatik, behar bezala elikatzeko, ezinbestekoa du ibaiak harrapakin ugari eta askotarikoak izatea. Eta ibai batek ornogabe-aniztasun handia izateko, ezinbestekoa da egoera ekologiko ona izatea, hau da, gizakiaren esku-hartzetik kanpo egotea.

Ezin presei aurre egin

Muturluzearen gaur egungo banaketa.
J. González

Gaur egun oso zaila da gizakiaren esku-hartzerik ez duen ibai-tarte bat aurkitzea. Berez dituzten malda handiengatik, iturburuak bereziki interesgarriak zaizkigu energia hidroelektrikoa sortzeko. Horretarako, zentralak (minizentral bat bada ere) jarri ohi ditugu, eta zentralak jartzeak berekin dakar presa bat egitea.

Presek izugarri eraldatzen dute ibaia: presatik gorako eremu batek ibai izateari uzten dio, eta urtegi bilakatzen da, eta presatik beherako tarte batean ez da ur nahikorik egoten, hango bizidunek bizirik irauteko gutxieneko ur-kantitatea (emari ekologikoa deritzona) uzten ez bada, behintzat. Beraz, batean ur gehiegi dagoelako eta bestean gutxiegi dagoelako, azkenean, berez han biziko liratekeen muturluzeek ez dituzte aurkitzen bizitzeko eta elikatzeko behar dituzten kondizioak.

Ibai-tarte eraldatu horiek saihesteko gai izango balira, arazoa ez litzateke hain larria izango. Baina muturluzeak ez dira horretarako gai: uretan mugitzen oso trebeak dira, baina lehorrean ibiltzeko nahiko lan izaten dute. Hortaz, presa bat egiteak eragiten du presatik alde batera eta bestera gelditu diren populazioak bakartuta gelditzea.

Hori guztia nahikoa ez balitz, muturluzea oso dentsitate txikietan bizi da: kilometro bateko ibai-zatian 2-8 ale baino ez daude. Beraz, argi ikus daiteke animalia horrek ez duela luze irauteko itxaropenik izateko arrazoi handirik. Ondoko populaziotik bakartuta dagoen populazio bat edozein arazorengatik desagertzen bada, muturluzerik gabe geldituko da betiko inguru hori, ondoko populazioko kideek ezingo baitute bete besteek utzitako lekua.

Gipuzkoan Amundarain erreka da, Zaldibian, muturluzea bizi ahal izateko kondizio egokian dagoen erreka gutxietako bat.
J. González

Gainbehera, geldiezina

Orain duen banaketa kontuan hartuta, adituek uste dute hogeigarren mendearen lehen herenean muturluzea arro guztietako goialdean zegoela. Gizartea garatu ahala, ordea, bizitzeko gero eta leku egoki gutxiago uzten ari gara muturluzearentzat. Bizkaian 70eko hamarkadan desagertu zen, Araban 80koan eta, Jorge González biologoaren esanean, "Gipuzkoan gaur egun ez dago bideragarritasuna ziurtatua duen populaziorik. Nafarroaren iparraldean baino ez du espezie horrek populazio bakarren bat egoera nahiko onean". Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egiten du lan Gonzálezek, eta aditua da muturluzeari buruzko mendiko lanak eta jarraipena egiten.

Muturluzearen egoera larria are larriagoa bihurtu ez dadin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak muturluzearen kudeaketa-plana onartu zuen 2004an.

Oso asmo oneko plana da. Muturluzeari kalte egin diezaioketen jarduerak etetea, ura ustiatzeko mugak jartzea eta bakartuta dauden populazioen arteko loturak berreskuratzea ditu helburu, besteak beste. Hitzez hitz esaten du departamentu horrek ezarriko dituela "ibai-ibilguetako proiektuetako obrak eta jardunak egiteko irizpideak eta baldintza tekniko orokorrak, muturluze piriniarraren habitatean, biologian eta bizitza-zikloan duten eragina ahalik eta gehien murrizteko."

Baina helburu hori lortzea oso zaila izaten da batzuetan. Iñigo Mendiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen zerbitzuburuak azaldu digunez, "martxan dauden zentralek ahalik eta etekin handiena atera nahi dute, ahalik eta ekoizpen handiena izan nahi dute. Guk, berriz, emariak eta habitatak zaindu nahi ditugu. Hor dago borroka."

Jorge Gonzálezek muturluzearekin lotutako mendiko lanak eta jarraipenak egiten ditu.
J. González

Borroka horretan beste osagai bat gaineratu zuen Gonzálezek: herritarrak urez hornitzen, ibaietan energia sortzen eta horrelakoak egiten dituzten Aldundiko departamentuak. Adibidez, Bidasoaldeko herritarrak urez hornitzeko San Anton urtegia egin aurretik, Endara erreka oso interesgarria zen: murturluzea zegoen, izokina ere bai... Urtegiak, ordea, goitik behera aldatu zuen errekaren berezko erregimena, eta horrekin batera, muturluzea, izokina eta abar desagertu egin ziren. Harrezkero, inork ez du horrelakorik ikusi Endara errekan.

Argi dago bateraezinak direla, hau da, leku jakin batean ez dago urtegi bat egiterik eta, aldi berean, muturluzea kontserbatzerik. Horrelako egoeren aurrean daudenean, eta bietako batek irabazi behar duenean, Gonzálezek argi du zein den beti irabazlea: "azken batean, kontserbatzearen alde egiten dutenek askoz indar txikiagoa dute, bai diru aldetik, bai jende-kopuruari dagokionez; beraz, ez dute zer eginik".

Oso zaila da bi asmoak, kontserbazioa eta ekoizpena, uztartzea, baina erronka polita ere izango litzateke. Gonzálezek esan bezala, "ez da nahikoa biztanle asko garela eta ur asko behar dugula esatea, eta 'aitzakia' horrekin ingurumenari jaramonik ez egitea. Herri oparo, aurrendari eta puntako bat baldin bagara, gai izan beharko genuke hori bezalako erronka konplexu bati aurre egiteko, eta iraunkortasuna, hain modan dagoena, gauzatzeko".

Lehenengo lana, ezagutzea

Endara erreka Bidasoarekin elkartzen den ingurua. Argi ikus daiteke San Anton urtegiak uzten duen zorrotada txikia.
J. González

Muturluzearen arazoa konpontzeko hartzen dituzten neurriak eraginkorrak izan daitezen, komenigarria da egoera ahal bezain ongi ezagutzea. Gaur egun duten ezagutza-mailak hutsune asko ditu oraindik, eta hutsune horiek betetzen joatea da kudeaketa-planaren helburu nagusietako bat.

Horretarako, batez ere irrati-seinaleen bidez egiten dute muturluzearen jarraipena. Lehenik tranpa berezi batzuk jartzen dituzte ibaian muturluzeak harrapatzeko. Igorgailuak jartzen dizkiete orduan animaliei (larruazalpean sartzen dizkiete normalean; hanketan edo buztanean lotuta eramateak enbarazu handia egiten baitie). Hala, haien bizimoduari buruzko informazioa jasotzen dute: zer portaera duten, zer lurraldetan ibiltzen diren, sexuen arabera nola banatzen diren espazioan, noiz eta nola egoten diren harremanetan eta abar.

Baina, esan bezala, lan hori bukatu gabe dago oraindik. Beraz, orain, arazoak sortu ahala konpontzen saiatzen dira, ahal bezain ongi, baina ez dute ziur jakiten hartzen dituzten neurriak benetan egokiak edo nahikoak diren edo ez.

Muturluzeen jarraipena egiteko larruazalpean jartzen dizkieten igorgailuak.
J. González

Bien bitartean, saiatzen ari dira habitataren egoera hobetzen. Hala ere, Mendiolak esan bezala, muturluzea berreskuratzeko prozesua oso mantsoa da. Populazio bat desagertu arte kaltetuz gero, oso zaila da egoerari buelta ematea. Batez ere aipatutako zentral hidroelektrikoek egiten dituzten presen eraginez, garai batean muturluzearentzat bizitoki jarraitua izan zena orain zatikatuta dago, eta lehorretik barreiatzeko oso gaitasun mugatua dutenez, guk artifizialki sartzen ez baditugu nekez iritsi ahal izango dira kudeaketa-planean hartutako neurriei esker berreskuratutako lekuetara.

Eta badute asmo hori, baina, horretarako, besteak beste, gatibutasunean hazi behar dituzte muturluzeak, eta hori ideia bat baino ez da oraindik. Oraingoz, nahiko lan dute kudeatzaileek muturluzearentzako habitat izan daitezkeenak atontzen.

Lanak lan, beharrezko neurriak egoki hartzen ez badituzte, edo hartzen uzten ez badiete, hamar urteren buruan Gipuzkoatik ere desagertu egingo da, Gonzálezen ustez: "Araban eta Bizkaian zer gertatu zen ikusita, badakigu noiz dagoen muturluzea desagertzeko zorian, eta Gipuzkoan halaxe dago".

Zergatik muturluzea?
Babestea merezi duten espezie asko eta asko aipa genitzake, eta, ahal izango bagenu, denak zainduko genituzke. Baina hori egitea ezinezkoa da; ez dago, ez giza, ez diru-baliabiderik denak babesteko; beraz, aukeratu behar izaten dute zein animalia zaindu eta zein ez.
Aukeraketa horretan, joera handia izaten dugu ugaztunak aukeratzeko, arrazoi sinple batengatik: gu geu ugaztunak garelako, eta hurbilekoagoak zaizkigulako. Gainera, babestu behar ditugun espezieak bereziak izatea nahi izaten dugu, hau da, espezie enblematikoak, funtsezkoak, adierazleak eta abar izatea.
(Argazkia: J. González)
Muturluzea ez da espezie enblematiko bat; are gehiago, inork gutxik ezagutzen du --txikia, gautarra eta urzalea delako, eta bizi den lekuetan oso dentsitate txikietan agertzen delako--.
Baina adierazle gisa ez dauka parerik. Ez denez oso harrapari eraginkorra, ezinbestekoa du elikagai-iturri oparoa izatea. Oparoa bai, baina ez edonolakoa; intsektuen uretako larbak jaten ditu, batez ere ur-kalitatearekiko oso sentikorrak diren larbak.
Leku jakin batean muturluzea egoteak esan nahi du bizitzeko nahikoa harrapakin badituela, eta horrek, era berean, urak baduela intsektuen larbak hazteko behar adinako kalitatea. Hau da, ibai-tarte horren egoera paregabea dela. Bestelako neurketarik egin gabe.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
246
2008
10
031
Ekologia; Zoologia
Artikulua
40

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia