Elhuyar zientziaren komunikazioa

Munduko gune babestuak

2001/06/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) arabera, gune babestua biodibertsitatea zein baliabide natural edo kulturalak babesteko, berariaz izendatutako lur edo itsas gunea da, lege ofizialen bidez edo atxikimenduz kudeatzen dena. XX. mendean ia herrialde guztiek izendatu dituzte gune babestuak edo, gutxienez, haiek izendatzeko planak egin dituzte. Hala ere, lurraren % 8,83 besterik ez dago babestua.

Egun 30.350 gune babestu daude munduan, guztira 13.232.275 km 2 . Beste hitz batzuetan esanda, lurrazalaren % 8,83, hau da, gutxi gorabehera Txina eta India batera bezainbeste, beti ere NKNB erakundeak jasotako datuen arabera eta zenbait kasutan gune babestu horien barruan itsaso-zatiak ere zenbatu direla kontuan hartuta. Horiez gain, beste 30.000 gune daude gune babestuen estatusa guztiz betetzen ez dutenak.

Definizio-arazoak

Basa bizitza babesteko, ekosistema eta espezieak gordetzeko, ikerketa zientifikoa egiteko, turismorako, heziketarako, ekosistema naturalak era jasangarrian ustiatzeko, ezaugarri kulturalak gordetzeko... hainbat arrazoi eta helbururekin izendatzen eta kudeatzen dira gune babestuak. Izan ere, gune babestua ez da halabeharrez gizakiagandik isolatutako gune naturala. Herrialde ez-industrializatuetan, adibidez, nazioarteko turismoa erakartzeko izendatu ziren natur parke gehienak.

Bakoitzak bere irizpideak zituelako, hasieratik egon dira arazoak gune babestuak izendatu eta sailkatzeko. Horren adibide dira haiek deskribatzeko dauden 1.388 terminoak, baina ez gara hemen banan-banan guztiak aipatzen hasiko. Adibide klasikoa parke nazionalarena da. Amerikan, Afrikan, Hegoaldeko eta Ekialdeko Asian, Australian eta Zeelanda Berrian parke nazionalak gune handi eta naturalak dira eta Europako asko, aldiz, gizakia eta naturaren elkarrekintzaren baitan eboluzionatu duten guneak. Ingalaterra eta Galesko guztiak, Alemaniako gehienak eta Frantziako Cevennes zein Hungariako Danubio-Drava parke nazionalak era horretakoak dira.

1948an, Nazio Batuek sustaturik, Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna (NKNB) sortu zen eta orduz geroztik erakunde hori arduratzen da gune babestuen inguruko araudi eta ildo nagusiak zehazteaz. NKNB 78 estatuk, gobernuetako 112 erakundek eta gobernuz kanpoko 735 erakundek osatzen dute eta 181 herrialdetako 10.000 zientzialarik egiten dute bertan lan. NKNBk ereduak ezarri eta herrialde bakoitzak bere berezitasunetara egokitzen ditu.

Helburuen baitan NKNBk sei kategoria bereizten ditu: erreserba zientifikoak eta natur erreserba integralak, parke nazionalak, natur monumentuak, natur erreserba zuzenduak, paisaia babestuak eta baliagaien erreserbak. Edozein kasutan ere, kategoria horiek ez dira hierarkikoki sailkatu behar. Azken finean, kategoria guztiak dira biodibertsitatea babestu eta kontserbatzeko garrantzitsuak.

Ekosistema zatikatuak

1872an izendatua, Estatu Batuetako Yellowstoneko Parke Nazionala munduko zaharrena da. Turismoa, mehagintza, petrolioaren industria eta parkea kudeatzeko aurrekontuaren murrizketa mehatxu larria dira parkearentzat.
K. Nuñez Betelu

Azken urteetan, jatorrizko egoeratik gertu dauden hainbat natur gune bere horretan mantentzea eta babestea helburu duten babes-politikak onartu dira herrialde gehienetan. Ez da ordea nolanahi egiteko lana, babestuta ere, mehatxuen zerrenda amaiezina baita: poluzioa eta klima-aldaketa, turismo axolagabea, azpiegituretarako eta nekazaritzarako lur gehiago beharra, populazioa handitzea, garapen basatia, gerrak, utzikeria... Naturaren lepotik garatu baita gure gizarte modernoa eta ez da erraza orain horri buelta ematea.

Hasteko, mundua jendez gainezka dago. 12 urtean 5.000 milioi izatetik 6.000 milioi izatera pasatu gara. Lurra ez da handitu, baina naturarekiko presioa bai eta kontserbaziorako teoriek diotena betetzea zaila da. Haien arabera gune babestuek ahal bezain handiak izan behar dute, tamainaren baitan eskualdearen ezaugarriak mantentzea, komunitate ekologikoen presentzia nabarmentzea eta espezien iraungitzea eragoztea errazagoa delako. Teorian behintzat, zenbat eta handiagoak izan, orduan eta hobeto arin dezakete kanpoko presioa. Hala ere, munduko gune babestuen % 59 ez da 1.000 hektareara iristen eta horiek babestutako azaleraren % 0,2 besterik ez dute osatzen. Aldiz, gune babestuen % 6ari babestutako azaleraren % 87 dagokio, hau da, 11,56 milioi km 2 .

Gainerako gehienen tamaina txikia ikusirik, babestutako guneen sareak sortu dira, ahaleginak bateratzeko eta gune batetik besterako korridore naturalak prestatzeko. Korridoreen bidez, habitaten arteko kontaktu fisikoa bermatu eta ekosistemak zatikatzea mugatu nahi da, landareen eta animalien migrazioa errazteko. Gainera, zenbait ikerketaren arabera, munduko natur erreserba handienen bostenak paisaia erabat desberdina izan dezake 30 urte barru klima-aldaketaren erruz.

Estatu Batuetako Yosemiteko Parke Nazionala (1890): Bridelveil urjauziak. (K. Nuñez Betelu).

Bizilekuaren eraldaketa horrek espezieen iraupena arriskuan jar dezake eta korridoreak konponbidea izan daitezke. Europan "erreserben sareak" egin nahi dira habitat batetik bestera higitzen diren animalientzat eta Israelen herrialde guztia zeharkatzen duten linea elektrikoen lur-sailak korridore bezala erabiltzea iradoki dute. Ideia horietako oso gutxi igaro dira, ordea, paperetik errealitatera. Izan ere, gune babestuak zaindu behar dituztenek berehalakotasun handiagoko arazoak dituzte eta klimaren aldaketa zeruertzean oso urrun agertzen den erronka da.

Estatu Batuetan, adibidez, arazo larriak dituzte turismoarekin. Parke nazionalen kultura ondo sustraitu da bertako gizartean eta geroz eta jende gehiago hurbiltzen da haiek eskainitako paisaiaz eta aisiaz gozatzeko asmoz. Urtero 270 milioi bisitari hartzen dituzte eta dirua uzten badute ere, baliabide naturalak hondatu egiten dituzte. Hori saihesteko, giza jarduerak mugatu eta arautu egin behar dira, azken finean parkeak ez direlako espreski turismorako egin. Ala bai?

Babestutako guneen bidez, naturatik urrundu den gizarteari haren balioak erakusten zaizkio, baina argi dago naturaren kontserbazioa eta turismoa uztartzea zaila dela. Orain dela gutxi jakin da pandaren habitata polikiago suntsitzen ari dela babesturik ez dauden guneetan pandaren habitata babesteko berariaz sortutako Txinako Wolong Natur Erreserban baino, eta suntsiketaren abiadura handitu egin dela erreserba izendatu zenetik. Pandak eta gizakiak habitat bera maite dute eta, ikertzaileen ustez, hor dago suntsiketaren gakoa. Izan ere, 25 urtean erreserbako giza populazioa % 70 hazi da, gutxiengo etnikoa direnez ume bat baino gehiago izan ditzaketelako eta parke izendatu zenetik egoera ekonomikoak hobera egin duelako, erreserbak turismoa ekarri baitu eta turismoak dirua.

Bakerako erreserbak

Ordesako Parke Nazionala. Turismoaren gorakada nabarmena argi erakusten du argazki honek.
E. Imaz Amiano

Mugak eta gatazkak ere mehatxu handia dira. Babestutako azaleraren % 10, gutxi gorabehera, estatuen artean dago eta mugaz gaindiko kooperazioa eskatzen du. NKNBk garrantzi berezia ematen die, politikoki banatutako ekosistemak zaintzeko bidea izateaz gain, nazioarteko kooperazioa bultzatzen dutelako maila politiko eta zientifikoan. Ildo horretatik, NKNBk “bakerako parkeak” deituriko proiektua du. Batetik, txirotasuna eta gatazkak larriak diren herrialdeetan nekeza delako gune babestuen gaineko politikarik egitea eta, bestetik, mugaz gaindiko gune babestuak eskualde askotako egoera politiko, ekonomiko eta sozial penagarria gainditzen hasteko tresna izan daitezkeela uste dutelako.

Ruanda, Uganda eta Kongo arteko mugan dauden Virunga mendietan, esaterako, mugek eta gatazkek bat egiten dute. Estatu bakoitzak parke nazional gisa kudeatzen du bakoitzari dagokion zatia, baina barruan bizi diren gorilek ez dute herrialdeen arteko muga fisikorik ezagutzen. Oso gune turistikoa denez, diru-iturri bikaina izan zen Ruandako gerra zibila hasi zen arte. Ordutik, Virunga mendietarantz ihes egin zuten errefuxiatuek basoaren 150 km 2 suntsitu dituzte eta animaliak bereizketarik gabe ehizatu dituzte. Parkeko azpiegiturak suntsitu egin ziren eta ia zaintzarik gabe geratu zen 7 urtez. Gainera, jarduera militarra handia izan zen parkean. Egoera ez da asko hobetu Ruandan eta Virunga mendiek presio demografiko handia jasaten dute oraindik, ez baita erraza oinarrizkoena ere falta duen jendeari parkea bere horretan mantendu behar dela esatea.

Halako egoeran gune babestua eta garapen jasangarria uztartzea nahitaezkoa da. Gizartea naturaren lepo garatzea zilegi ez den bezala, naturaren kontserbazioa giza garapenetik banatzea ere zilegi ez delako.

Gune babestuen sailkapen orokorra

  • Natur erreserba integralak

    (babestutako azalera osoaren % 7) eta Gune Basatiak (% 7): helburu nagusia komunitateak eta espezieak zaintzea da eta betiere prozesu naturaletan gizakiaren parte-hartze zuzena erabat baztertzen da. Gainera, eskualde basation helburu nagusia zientifikoa denez, giza presentzia jarduera horretara mugatuko da. Gune Basatietan herri indigenen jarduerak ez dira debekatuko.
  • Parke nazionalak (% 30): kategoria honen kudeaketa-helburua, nazio edo nazioarteko ekosistema edo paraje erakusgarriak gorde dituzten paraje naturalak babestea da, horietan hezkuntza, aisialdia eta zeregin zientifikoen inguruko jarduerak aurrera eramateko.
  • Natur monumentuak (% 1): kategoria honen barruan gizakiak ia aldatu ez dituen, arriskuan dauden edota apartak diren txoko naturalak (formazio geologikoak, gune natural bitxiak...) gorde eta babesten dira.
Virunga mendietan gorilen bizilekua arriskuan dago.

* Natur erreserba zuzenduak (% 19): garrantzi nazionaleko komunitate biotikoak eta espezieak babesteko eta beharrezko baldintza naturalak gordetzeko izendatutako guneak dira eta, helburuak erdiesteko beharrezkoa izatekotan, gizakiaren parte-hartze zuzena zilegi da. Gune horietako jarduera bakarrak ikerketa zientifikoa, hezkuntza eta etengabeko zainketa izango dira.

  • Paisaia babestuak (% 8): alde batetik, eskualdeko bizimodu eta jarduera ekonomiko normalaren baitan gauzatzen den gizakiaren eta ingurunearen arteko harreman orekatua eta, bestetik, aisialdirako eta turismorako erakusten duten potentziala dira kategoria honetako guneen ezaugarri nagusiak.
  • Baliagaien erreserbak (% 27): etorkizunean erabilgarriak izango diren baliagaiak gorde eta babestuko dira. Kategoria honetako guneak, oro har, zabalak, bakartuak eta populatu gabekoak dira. Babeskuntza, ikerketa eta planifikazioa izango dira premiazko zereginak.

Bestelako gune babestuak

  • Erreserba antropologikoak: kategoria honetan sailkatzen diren guneetan ingurugiroarekin era harmoniatsuan bizi diren gizarteak euren bizimoduarekin jarrai dezaten, teknologia modernoaren eraginetik salbu, lortu nahi da. Dibertsitate genetikoari eustea eta giza eboluzioaren inguruko gorabeherak ezagutu ahal izatea aipatzen dira erreserba hauen zergatien artean.
  • Erabilpen Anizkoitzerako Aldeak: hainbat sektorek (basogintza, ura, belardiak, animaliak, aisialdia) ustiatzeko aproposak izateaz gain, baso eta mendiz osaturiko eskualde zabalak dira eta, neurri batean behintzat, gizakiak koloniza ditzake, betiere ustiaketa jasangarria eginez.
  • Biosfera-erreserbak: UNESCO erakundeak izendatzen ditu eta biosfera-erreserben nazioarteko sarea izendatzea du helburu. Kategoria honetako nazioarteko guneak, alde natural klasikoaz gain, gizakiak eraldatutako ekosistema egonkorrez zein degradazioa jasan duten ekosistemez daude osatuak eta hurrengo ezaugarrietako bat izaten dute beti: komunitate naturalen adibide ikusgarriak dira, alde bitxi edo aparta dute, paisaia egonkorrak dira edo degradatutako ekosistemak dira.
  • Mundu-ondareko leku naturalak: munduko ondare bihurtuko diren lekuen bitartez Lurraren historiaren urratsak, egungo prozesu geologikoak, eboluzio biologikoa, gizakiaren eta bere inguruaren arteko elkarrekintza, edota landare edo animalia-komunitate bitxiak dituzten habitaten lagin edo adibide bikainak babestu nahi dira.

(UEUren, Naturaren kontserbazioa, nora goaz? liburutik egokituta)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia