}

Munduko ekosistemen % 30 berreskuratuta, % 70 murriztu daiteke espezieen desagerpena

2020/10/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-larrialdiaren eta biodibertsitate-galeraren auziek ekosistemak berreskuratzeko apustu globala eskatzen dute. Globala, eta bi helburuak modu bateratuan aintzat hartzen dituena, hamabi herrialdetako hainbat zientzialarik Nature aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera. Munduan lehentasunez berreskuratu beharreko eremuak identifikatzea ezinbestekoa dela diote, kalkulatu baitute ezen, haietako  % 30 berreskuratuta, aurreikusitako espezieen desagertzeen % 70 ekidingo liratekeela, eta Industria Iraultzatik atmosferan metatutako karbonoaren erdia xurgatuko.

munduan-ekosistemak-berreskuratzeko-lehentasunezko
Arg. Herbert Aust, Pixabay

Ikerketaren arabera, 465 mila milioi tona CO2 xurgatu eta egun arriskuan dauden ugaztun, anfibio eta hegazti gehienak salbatuko lirateke, lehentasunezkoak jo diren ekosistemen % 30 berreskuratuko balira. Datuak adierazgarriak dira, eta hori betetzeko gakoak zein diren argitu dute ikertzaileek: lehenik, klima-larrialdia eta biodibertsitatearen galera modu bateratuan hartzea helburu gisa, bata edo bestea bakarrik kontuan hartzen denean berreskuratze-patroi desberdinak jarraitu eta emaitza oso aldakorrak lortzen baitira; bigarrenik, ekosistemak berreskuratzeko mundu mailako elkarlana; eta, azkenik, oso ondo identifikatzea zer motatako eta zer tokitako ekosistemak berreskuratu behar diren.

Orain arte baso-ekosistemak berreskuratzeari eta zuhaitzak landatzeari lehentasuna eman bazaio ere, ikerketa berriak nabarmendu du, batzuetan, bertako larreen edo bestelako ekosistemen kontura egin izan dela, eta biodibertsitate-galera eragin izan duela horrek. Hala, gaur egungo krisialdiari heltzeko, basoez gain, bestelako ekosistemak ere ezinbestekoak izango direla adierazi dute.

Izan ere, mundu osoan 2.870 milioi hektarea eraldatu direla kalkulatu dute. Haietatik % 54 basoak ziren jatorrian, % 25 larreak, % 14 sasitzak, % 4 lur lehorrak eta % 2 hezeguneak. Ikertzaileen arabera, basoak dira klima-larrialdiari aurre egiteko potentzial handiena duten ekosistemak; hezeguneak, biodibertsitatea iraunarazteko ahalmen handiena dutenak; eta lur lehor eta larreak, berreskuratze horretan kostua minimizatzeko aukera handiena ematen dutenak. Ikerketak hiru faktoreak hartu ditu kontuan.

Gainera, hektarea asko nekazaritzarako lur bihurtu izan direnez, baldintza gisa jarri dute ekosistemak berreskuratzeak ez dezala eragin murrizketa handirik elikagaien ekoizpen globalean. Elikagaien hornidura murriztu gabe zenbat ekosistema berreskura daitezkeen kalkulatu dute, eta, antza, ohartu dira nekazaritza-lur bihurtutako ekosistemen % 55 elikagaien ekoizpena eten gabe berreskuratu daitezkeela. Horrek ondo planifikatutako intentsifikazio jasangarria eskatuko lukeela adierazi dute ikertzaileek, eta, horrekin batera, elikagaiak alferrik ez galtzeko eta zenbait elikagai, hala nola haragia zein gazta, murrizteko ohiturak hartzea, abeltzaintzak lur-eremu handiak eskatzen baititu.

Ikertzaileen arabera, eta aipatutako faktore horiek guztiak kontuan hartuta, biodibertsitatearen galera eta klima-larrialdia modu bateratuan lantzeko, hezeguneak eta baso tropikal eta subtropikalak berreskuratzea izango lirateke gakoak. Hala eginda, berreskuratze hori hamahiru aldiz errentagarriagoa izango omen litzateke, kalkuluen arabera.

Gainera, berreskuratze-lanak maila globalean eta nazioarteko lankidetzan egiteko deia egin dute. Izan ere, berreskuratze-lanak herrialde mailan egin direnean, herrialde bakoitzak bere basoen % 15 berreskuratuta, biodibertsitatean izandako onurak % 28 murriztuko lirateke eta onura klimatikoak % 29, maila globalean egitearen aldean. Kostuen igoera are esanguratsuagoa litzateke: % 52 handituko litzateke. Modu globalean eginda, aukera emango luke herrialde bakoitzak eginkizun desberdina eta osagarria izan dezan helburu global horren barruan.

Datu hauek guztiak datorren urtean Kunming-en (Txinan) ospatuko den Dibertsitate Biologikoaren Konbentzioan (COP15) aurkeztuko dituzte. Bileran, ekosistemak leheneratzeko behar duten informazio geografiko zehatza emango dutela adierazi dute, bileraren helburuak lortzeko garrantzitsuak direlakoan.

 

Kaltetutako ekosistemak berreskuratzeko lehentasunezko eremuak, hainbat irizpideren arabera: biodibertsitatea suspertzea (a), klima-aldaketa arintzea (b), kostuak minimizatzea (c) eta hiru irizpideak batera ardatz hartuta (d). Gorriz, lehentasun handienekoak; urdinez, lehentasun txikiagokoak. Lehentasunezko eremuak asko aldatzen dira irizpidearen arabera (a–c), eta horrek nabarmentzen du zer garrantzitsua den hiru irizpideak modu bateratuan kontuan hartzea, egileen iritziz. Arg. Nature aldizkaritik moldatua.

 

IRITZIA:

“Kontserbazioaren kostuak berriro ere pobreen bizkar utziko genituzke”

Arturo Elosegi Irurtia / Ekologiako katedraduna (EHU)

Zein da ikerketari eta emaitzei buruzko zure iritzia?

Ariketa teoriko interesgarria da, erakusten duelako ekosistemen errestaurazioak asko lagun dezakeela biodibertsitatearen kontserbazioan zein klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta gainera, iradokitzen duelako irizpide ugari kontutan hartzeak (biodibertsitatea, klima, ekonomia…) erantzun optimoa bilatzen lagun dezakeela. Baina oso zalantzazkoa da aplikatu ahal izanen ote den.

Emaitzetako batzuk lehendik uste genuena berresten dute: biodibertsitate gehiena eremu tropikalak errestauratzen bermatu daiteke. Beste batzuk, ordea, zalantza gehiago sortzen dute. Adibidez, erakusten dute errestaurazioaren kostua handiagoa dela herrialde garatuetan, eta horrek eraman ditu lehentasunak garapen bideetan dauden herrialdeetan bilatzera. Esanen nuke honen azpian, egungo ekonomia ez ezik, egungo politika ere badagoela. Alegia, eskualde garatuetan lurra garestiago izateak esan nahi du hobe dela garapen bideko eskualdeak errestauratzea? Horrelako neurriak martxan jartzen diren moduaren arabera, kontserbazioaren kostuak berriro ere pobreen bizkar uztea esan nahi izan lezake horrek. 

Euskal Herrian zein lirateke lehentasunez berreskuratu beharreko ekosistemak?

Euskal Herrian, eta Europar Batasunean oro har, nahiko argi dago zein diren kontserbatu eta berreskuratu beharreko ekosistemak; lehentasun horiek kontutan hartu dira Natura 2000 sarea definitzeko, korridore ekologikoen sarea marrazteko edo errestaurazio-planak idazteko. Beste kontu bat da araudi hori guztia zenbateraino betetzeko gai garen. Batzuetan irudipena dut babesguneak izendatzearekin konformatzen garela, bertan bizi diren espezie eta habitaten benetako arazoei aurre egin gabe.

Era berean, gurea bezalako herri txiki batean, kontserbazio- eta errestaurazio-estrategia eraginkorrenak maiz ez dira mapak analizatuz lortzen, baizik eta lekuan lekuko balioak ezagutuz eta aukerak aprobetxatuz. Adibidez, biodibertsitatearen kontserbazioan eragin handiagoa izan du Artikutza eta Bertiz bezalako basoak hamarkadetan ustiatu ez izanak naturaren kontserbazioaren aldeko hainbat legek baino. Eta beste faktore askok ere eragin dezakete: esate baterako, azken aldian eukaliptoak asko ari dira zabaltzen gurean. Hain pobreak izanik, hedatu ahala, Euskal Herriko biodibertsitatea arriskuan jarriko da, eta ez dute batere lagunduko klima-aldaketari aurre egiten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia