Munduko ekosistemen % 30 berreskuratuta % 70 murriztu daiteke espezieen desagerpena

2020/10/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Larrialdi klimatikoaren eta biodibertsitate-galeraren auziek ekosistemak berreskuratzeko apustu globala eskatzen dute. Globala, eta bi helburuak modu bateratuan aintzat hartzen dituena, hamabi herrialdetako hainbat zientzialarik Nature aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera. Munduan lehentasunez berreskuratu beharreko eremuak identifikatzea ezinbestekoa dela diote, kalkulatu baitute, haietako  % 30 berreskuratuta, aurreikusitako espezieen desagertzeen % 70 ekidin eta Industria Iraultzatik atmosferan metatutako karbonoaren erdia xurgatuko litzatekeela.

Arg. Herbert Aust, Pixabay

Ikerketaren arabera, 465 mila milioi tona CO2 xurgatu eta egun arriskuan dauden ugaztun, anfibio eta hegazti gehienak salbatuko lirateke, lehentasunezkoak jo diren ekosistemen % 30 berreskuratuko balira. Datuak adierazgarriak dira, eta hori betetzeko gakoak zein diren argitu dute ikertzaileek: lehenik, larrialdi klimatikoa eta biodibertsitatearen galera modu bateratuan hartzea helburu gisa, bata edo bestea bakarrik kontuan hartzen denean berreskuratze-patroi desberdinak jarraitu eta emaitza oso aldakorrak lortzen baitira; bigarrenik, ekosistemak berreskuratzeko mundu-mailako elkarlana egitea; eta, azkenik, oso ondo identifikatzea zer motako eta zein tokiko ekosistemak berreskuratu behar diren.

Orain arte baso-ekosistemak berreskuratzeari eta zuhaitzak landatzeari lehentasuna eman bazaio ere, ikerketa berriak nabarmendu du, batzuetan, bertako larreen edo bestelako ekosistemen kontura egin izan dela, eta biodibertsitate-galera eragin izan duela horrek. Hala, gaur egungo krisialdiari heltzeko, basoez gain, bestelako ekosistemak ere ezinbestekoak izango direla adierazi dute.

Izan ere, mundu osoan 2.870 milioi hektarea eraldatu direla kalkulatu dute. Haietatik % 54 basoak ziren jatorrian, % 25 larreak, % 14 sasitzak, % 4 lur lehorrak eta % 2 hezeguneak. Ikertzaileen arabera, basoak dira klima-aldaketari aurre egiteko potentzial handiena duten ekosistemak; hezeguneak, biodibertsitatea iraunarazteko ahalmen handiena dutenak; eta lur lehor eta larreak, berreskuratze horretan kostua minimizatzeko aukera handiena ematen dutenak. Ikerketak hiru faktoreak hartu ditu kontuan.

Gainera, hektarea asko nekazaritzarako lur bihurtu izan direnez, baldintza gisa jarri dute ekosistemak berreskuratzeak ez dezala eragin murrizketa handirik elikagaien ekoizpen globalean. Elikagaien hornidura murriztu gabe zenbat ekosistema berreskura daitezkeen kalkulatu dute, eta, antza, ohartu dira nekazaritza-lur bihurtutako ekosistemen % 55 elikagaien ekoizpena eten gabe berreskuratu daitezkeela. Horrek ondo planifikatutako intentsifikazio jasangarria eskatuko lukeela adierazi dute ikertzaileek, eta, horrekin batera, elikagaiak alferrik ez galtzeko eta haragia zein gazta bezalako elikagaiak murrizteko ohiturak hartzea, abeltzaintzak lur-eremu handiak eskatzen baititu.

Ikertzaileen arabera, eta aipatutako faktore horiek guztiak kontuan hartuta, biodibertsitateren galera eta klima-aldaketa modu bateratuan lantzeko, hezeguneak eta baso tropikal eta subtropikalak berreskuratzea izango lirateke gakoak. Hala eginda, berreskuratze hori hamahiru aldiz errentagarriagoa izango litzatekeela kalkulatu dute.

Gainera, berreskuratze-lanak maila globalean eta nazioarteko lankidetzan egiteko deia egin dute. Izan ere, berreskuratze-lanak herrialde-mailan egin direnean, herrialde bakoitzak bere basoen % 15 berreskuratuta, biodibertsitatean izandako onurak % 28 murriztuko lirateke eta onura klimatikoak % 29, maila globalean egitearen aldean. Kostuen igoera are esanguratsuagoa litzateke: % 52 handituko litzateke. Modu globalean eginda, aukera emango luke herrialde bakoitzak eginkizun desberdina eta osagarria izan dezan helburu global horren barruan.

Datu hauek guztiak datorren urtean Kunming-en (Txinan) ospatuko den Dibertsitate Biologikoaren Konbentzioan (COP15) aurkeztuko dituzte. Bileran, ekosistemak leheneratzeko behar duten informazio geografiko zehatza emango dutela adierazi dute, bileraren helburuak lortzeko garrantzitsuak direlakoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia