}

Mugitu zelula amei esker

2002/07/22 Elhuyar Zientzia


Mugimendua neuronen esku dago; hain zuzen ere, muskuluetara iristen diren neurona motoreek agintzen dute noiz eta nola mugitu. Hortaz, gaixotasun edo istripu baten ondorioz neurona motore horiek kaltetuz gero, mugimendua mugatu edo eragotzi egiten da. Gainera, askotan ez dago sendabiderik.


Berriki, AEBetako Howard Hughes Medikuntza Institutuko ikertzaileek arazo horien irtenbidea aurkitzeko pauso garrantzitsu baten berri eman dute. Ikerketa Cell aldizkarian argitaratu da, eta, horren arabera, zelula amak neurona motore bilakatzea lortu dute saguetan. Lorpena ez da egun bateko lanaren ondotik etorri, bereizketa hori zuzentzen zuten gai kimikoak zein ziren jakiteko urteak behar izan baitituzte ikertzaileek.


Ikertzaileen esanean, denbora beharko bada ere, badirudi gauza bera egin ahalko dela pertsonetan. Zalantzarik gabe, berri itxaropentsua da neurona motoreak direla eta mugitzeko arazoak dituztenentzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia